570.000 euroko beste iruzur bat leporatu diote Xabi Alonsori

Aurretik hiru delitu egotzi zizkioten, eta fiskaltzak beste bat gehitu dio Realeko bigarren taldeko entrenatzaileari

2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Xabi Alonsok beste iruzur ekonomikoko salaketa bati egin beharko dio aurre. Espainiako Fiskaltzak beste kereila bat aurkeztu du haren aurka, 2013an Espainiako Ogasunari 572.008 euroko iruzurra egitea leporatuta. Realeko bigarren taldeko entrenatzailea izango denaren aurkako bigarren salaketa da. Aurrekoan bost urteko kartzela zigorra eskatu zuen haren aurka hiru delitu fiskalengatik, baina auzitegiak bertan behera utzi zuen jokalari ohiaren aurkako epaiketa, egotzi zaizkion delituak epaitzeko ardura duen edo ez zehaztu arte.

Aurreko kereilako ustezko delituak 2010., 2011. eta 2012. urtekoak dira, eta oraingoa haien jarraipen bat da. Haietan bezala, irudi eskubideengatik lorturiko irabaziak errenta aitorpenetik kanpo utzi izana leporatzen diote. Fiskaltzaren arabera, Alonsok «itxuraz» Madeiran (Portugal) egoitza zuen enpresa bati saldu zizkion bere eskubideak, eta enpresa horrek 2012ra arteko zerga salbuespena zuen uhartean.

Real Madrileko jokalari izan zeneko garaian gertatu zen hori guztia, eta jokalariak Espainian egin behar zuen errenta aitorpena. Prozesu honetan guztian jokalariak adierazi du legearen arabera jokatu zuela eta betebehar fiskalak bete zituela. Alonso Madrildik itzulia da, eta duela hiru aste kontratua sinatu zuen Realarekin bigarren taldeko entrenatzailea izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.