Gaur erabakiko da buruz buruko lehen finalista

Urrutikoetxea eta Ezkurdia. M. R. / FOKU.
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
PILOTA. Mikel Urrutikoetxeak eta Joseba Ezkurdiak buruz buruko lehen finalerdia jokatuko dute gaur, Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:45, ETB1). Askoren ustez, txapela janzteko bi hautagai nagusiak dira, eta, beraz, lehia gogorra espero da. Iazko udako mononukleosiak eta eskuko arazoak ahaztuta, berriro ere sasoi onean da Urrutikoetxea, eta hirugarrenez jokatu nahi du finala. Ordea, egun horretan zuriz janztea zer den ere probatu nahi du Ezkurdiak, eta aspaldi daraman bolada onari segida ematea du helburu.

Sasoiko daude biak, duela bi aste erakutsi zuten bezala. Urrutikoetxeak zalantza guztiak uxatu zituen Oinatz Bengoetxea kanporatuta (22-8), eta Ezkurdiak ere txukun jokatuta irabazi zion Erik Jakari (22-14). Fisikoki ez diote beldurrik lehia gogortzeari, eta konfiantzaz ariko dira aurrean. Sakeak ere garrantzi handia izango du. Urrutikoetxearen aldekoak dira estatistikak, buruz buru neurtu diren hiru alditan irabazi baitu.

Bestalde, Aimar Olaizola ere gaur itzuliko da, Aspariegosen (Espainia), hiru hilabete eta erdiz min hartuta egon ostean. Eskiroz lagun duela, Bengoetxea VI.a-Arangurenen aurka ariko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.