'Soilik baietz da baietz' legea berrikusiko dute

MADRIL. Espainiako Gobernua Soilik baietz da baietz legea erreformatzeko lanetan ari dela aurreratu du La Vanguardia egunkariak. Izan ere, polemika sortu du legeak ezarri zenetik, haren ondorioz sexu delituengatik zigortutako 270 pertsonaren kondenak berrikusi eta jaitsi baitira. Gobernuak azaldu du kondenak jaistea «nahi gabeko ondorioa» izan dela, eta hori konpontzeko lanetan dabilela, eragin duten «kezka sozialagatik». Podemoseko iturriek azaldu dute oraindik ez daukatela «konponbide bat», baina bide egokia aurkitzeko lanetan dabiltzala. Era berean, azaldu dute bat datozela «gizartean sortu den kezkarekin», batez ere «zigorrak jaistea erabaki duten epaileak» daudela ikusita. Bestalde, azaldu dute PSOEk «presioak» dituela aurreko eredura itzultzeko, eta «onespena» muinean jartzen duen Zigor Kode batetik «aldentzeko». Irene Monterok gidatzen duen Berdintasun Ministerioak sustatu du erreforma, bortxa matxistari aurre egiteko era osoago baten alde. Monterok aste honetan adierazi du «bere esku dagoena» egiten ari dela legea «era egokian» aplikatzeko.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.