Koronabirusa

Eskola kirola berriro hasteko eskaria egin dute herritarrek

Bultza Kirola Euskadi plataformak uste du «segurua, funtsezkoa eta onuraduna» dela eskola kirola

2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Eskola kirola berriro martxan jartzeko eskatu zioten atzo eguerdian hainbat herritarrek Eusko Jaurlaritzari, Gasteizen, Bilbon eta Donostian eginiko mobilizazioetan. Bultza Kirola Euskadi plataformak eta SOS Eskola Kirolak-ek egin zuten deialdia, eta 550 elkartek eta 120 herrik egin zuten bat. Besteak beste, aldarrikatu zuten Jaurlaritzak «formula bat» bilatu beharra duela itzulera posible izan dadin. Izan ere, jakinarazi duten informazioaren arabera, abenduaren 12az geroztik ez da eskola kirolik egon.

Mobilizazioei 12:00etan ekin zieten, Kirola ezinbestekoa da lelopean. Gasteizen, Bilbo plazan hasi zuten manifestazioa; Bilbon, San Mames alboan; eta Donostian, Bulebarrean. Haien arabera, eskola kirola «funtsezkoa, onuraduna eta segurua» da, eta, beraz, erakundeei eskatu zieten aztertzeko beste leku batzuetan ere hartu diren neurriak, hala nola Europako beste lurralde batzuetan. Horrez gainera, eskola kirola «funtsezko jardueratzat» izendatzeko ere exijitu zuten bertaratu zirenek, besteak beste, kirol bat egitera ohituta daudenek horretarako aukera izan dezaten, betiere «ahalik eta segurtasunik handienarekin». Azken batean, azpimarratu dute kirola «egungo egoeraren arazoa bainoago, konponbidea» izan daitekeela.

Hala, Bultza Kirola Euskadi plataformak eta SOS Eskola Kirolak-ek ezarritako neurria indargabetzearekin batera, eskatu dute besteak beste entrenamenduak burbuiletan egiteko aukera aztertzeko, horrela «kutsatzeak murriztu eta kontrolatu» daitezkeela nabarmenduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.