Daniel Martinek irabazi du; Geraint Thomas da lider

2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Valmorelen, mailaz kanpoko gain batean bukatu zen atzo Dauphineko bosgarren etapa, eta horrek lehia handia eragin zuen. Daniel Martinek (UAE) irabazi zuen etapa, ihesean, azken aldapan indartsuena izan ondoren. Lau segundo atera zizkion Geraint Thomasi (Sky) eta hamabost Adam Yatesi (Mitchelton).

Sailkapen nagusian, berriz, Thomas da orain liderra, Gianni Moscon taldekidearen kaltetan. Galesak nahiko bideratua du garaipena Dauphinen, minutu batetik gorako aldea baitu aurkari guztiekiko: 1.09ra ditu Damiano Caruso (BMC) eta Moscon, 1.10era Julian Alaphilippe (Quick Step), 1.15era Michal Kwiatkowski (Sky) eta 1.18ra Yates. Sasoi betean da Thomas, eta gaur beste kolpe bat eman dezake, goian amaituko baita berriro etapa, La Rosiere lehen mailako mendatean. Aurretik beste hiru gain igo beharko dituzte, mailaz kanpoko bi eta bigarren mailako bat.

Bestalde, gaurtik hilaren 17ra jokatuko da Suitzako Itzulia. Mikel Landa, Nairo Quintana (Movistar), Richie Porte (BMC), Ion eta Gorka Izagirre (Bahrain) eta Omar Fraile (Astana) ariko dira, besteak beste. Gaur 18,3 kilometroko taldekako erlojupekoa jokatuko dute. Bosgarren, seigarren eta zazpigarren eguneko etapa menditsuek eta 34 kilometroko azken erlojupekoak erabakigarriak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.