Athleticek ez dio aukerarik eman Eibarri derbian: 2-5

Azkona eta Diaz, atzo. E. PORTILLO / FOKU.
2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Athleticek eten egin du denboraldi honetan derbietan zeraman bolada txarra, eta modu bikainean, gainera. 2-5 irabazi zion atzo Eibarri, Unben. Emaitza zelaian gertatutakoaren isla da: talde zuri-gorria goitik behera nagusitu zen.

Aukerarik ere ez zion eman. Ordu erdia betetzerako, erabakita utzia zuen partida: lau gol sartuak zituen, eta etxekoek bat bera ere ez. Vanesa Gimbertek sartu zuen lehen gola, Maria Diazek bigarrena, eta Irene Ogizak hirugarrena eta laugarrena. Bigarren zatia hasi eta gutxira, Yulema Corresek sartu zuen bosgarrena. Galanta zen astindua. Dena erabakita zegoela ikusita, Iraia Iturregik aldaketak egin zituen, indarrak kudeatzeko. Erika Vazquez zelairatu zuen, eta, horri esker, aurrelariak 400. partida jokatu zuen Athleticekin —lau hilabete egin ditu min hartuta—. Bisitariek tentsioa apaldu izana aprobetxatu zuen Eibarrek bi gol sartu eta emaitza txukuntzeko: Juliana Cardozo Jujuba-k sartu zuen lehena, eta Miriam Rodriguez Kuki-k bigarrena, penaltiz.

Sailkapenean, Athleticek goraka jarraitzen du: bederatzigarren da, eta hamar puntura du jada jaitsiera. Gertuago du Eibarrek, seira, baina oraindik ez dago arrisku bizian.

Derbiaz gain, Realaren eta Logroñoren artekoa jokatu zen atzo, Zubietan, eta txuri-urdinek nagusitasunez irabazi zuten: 3-1. Nerea Eizagirrek, Barbara Latorrek eta Nahikari Garciak sartu zituzten golak. Garaipenari esker, laugarren da Reala, eta hiru puntura ditu Txapeldunen Ligako postuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.