Koronabirusa

Sanchezek premiazko bilera batera deitu du

2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
MADRIL.Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak premiazko bilera telematiko batera deitu ditu erkidegoetako presidenteak datorren asterako, koronabirusaren goraldia aztertzeko eta neurri berriak adosteko. Bilera datorren aste hasieran egingo da, eta «gobernantza partekatua eta elkarlan instituzionala» sustatzea izango du helburu, Moncloako iturriek jakinarazi dutenez. Moncloak bilera horren berri eman eta gutxira, Lehendakaritzako iturriek atzo jakinarazi zuten Iñigo Urkullu lehendakariak eskatu diola Sanchezi, gutun bidez, premiazko batzar horretara deitzeko. Eskutitz horren pasarte batzuk bidali zizkien Lehendakaritzak komunikabideei, eta, bertan irakur daitekeenez, egoera epidemiologikoarekin «kezkatuta» agertu da Urkullu. Txertaketa prozesua erritmo onean doala gogoratu du, baina, hala ere, «orain arte ezagutu gabeko» intzidentzia tasa dagoela nabarmendu du. Horren ondorioz, ospitaleetako presioa eta lehen arretako egoera «gero eta kezkagarriagoak» direla iritzi dio. Osasun profesionalek jasaten duten nekea ere kezkarako zio dela azpimarratu du.

Urkulluk Sanchezi adierazi dio birusa gehiago zabaltzea eragozteko modurik egokiena ez dela erkidego bakoitzak bere tresnen araberako neurriak hartzea. Osasun ministro Carolina Dariasek atzo iragarri zuen asmoa dela bilera asteazkenean egitea. Gaur goizean adierazpen instituzional bat egitekoa da Pedro Sanchez, bilkuraren nondik norakoak zein izango diren jakinarazteko. Katalunian da, eta handik egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.