ZUZENDARIARI

Egia judizialetan adituak gara

Sandra Barrenetxea Diez. -

2018ko abuztuak 11
Iratxe, nik ez nuen inongo zalantzarik eduki. Berehalaxe enpatizatu nuen zurekin: ama atsekabetua aurrena, minaren minez apurtua hurrena eta, azkenik, justizia egiteaz arduratu behar omen duen auzitegiak egurtua, nire torturatzaileak absolbitu zituen eta niri sinetsi ez zidan Bizkaiko Probintzia Auzitegiak berak auzitan jarria.

Zuk ere hasiera-hasieratik sinetsi zenidan, aitzakiarik gabe, itzulingururik gabe. Guri guztioi sinetsi zenigun, gure ondoan egon zinen beti, gure salaketak Europara eramaten ere lagundu zenigun, eta orain zu pairatzen ari zara hori guztia, zure larruan, zure erraietan: erasotzaileak aske uzten dituzten egia judizialak, testigantzak aintzat hartzen ez dituzten epaiak. Oraingoan, etengabe biraka aritzen den eta dena birrintzen duen erruleta matxista eta makabro horrek bete-betean jo du zure kontra, zuen kontra.

Gainera, baten batzuk zuek auzitan jartzen hasi dira, zergatik eta erasotzailea absolbitua izan delako, nire torturatzaileak absolbitu zituen auzitegiak berak absoluzioa eman diolako, Marlaskak lehengo egunean aipatu zuen egia judizialak erasotzaileari babesa eman diolako (baita inpunitatea ere).

Horrek guztiak barrenak inarrosi dizkit eta gogoeta hau idaztera bultzatu nau.

Europan nagusi den demokrazia ereduaren arabera, legeak interpretatzeko eta aplikatzeko orduan botere judizialak kontuan hartzen du hala legeak jasotzen duena nola aplikatzen deneko testuingurua. Aldeei entzun, arauaren aurrean jarri, eta egia objektibo bat eraikitzen du, gatazkak konpontzea eta eztabaidak ebaztea helburu.

Azkenaldi honetan, auzi jakin batzuen harira (Manada, Karen, Irune...), zalantzan jarri dira erasotako emakumeen testigantzak. Gure herrian bertan, hainbat hamarkadatan zehar zalantzan jarri dira torturatuak izan diren milaka pertsonaren testigantzak, ez dira aintzat hartu epaiketarik egin ez delako, auzitara iritsi ez direlako.

Botere judiziala manipulatzeko eta era perbertsoan erabiltzeko joera horrek indar handia hartu du emakumeok sistema patriarkalaren sustraia eta mamia diren instituzioei aurre egin diegun uneetan. Emakumeok gezurretan aritzen omen gara estamentu horietan, emakume gaiztoaren rolari lotutako asmo maltzur batekin beti. Senarraz mendekatzeko asmoz seme-alabak erabiltzen dituen ama amorratua, etxebizitzaz jabetzeko asmoz salaketa faltsua jartzen duen emakume diruzalea, erabakitzeko gaitasunik ez duenez bere nagusi hierarkikoak agintzen diona egiten duen militantea, liberatu sexualarena egin nahirik urrunegi joaten den neska gaztea... Emakume gisa, Patriarkatuak gure arazoetarako eta gure ama, emazte nahiz maitale roletarako inposatzen dituen eskuliburuak pairatu behar izan ditugu. Eta eskuliburu horiek guztiek susmoaren eta gaitzespenaren artean kokatzen gaituzte.

Zorionez, gauza batzuk aldatzen ari dira. Pertsona askoren eta, bereziki, emakume ugariren borrokari esker, bataila batzuk irabazten ari gara. Torturatu ninduten guardia zibilak absolbituak izan ziren, baina, zorionez, orduz geroztik inor gutxik jarri du zalantzan nire testigantza. Zergatik? Bada, ziur aski, nire kasua sekula aintzatetsiak eta epaituak izan ez diren ehunka kasuren artean nabarmendu zelako, guztiok ondo ezagutzen genuen egia sozial baten parte zelako, nahiz eta sekula ez den ezarri epaitutako gertaerekin proportzionala den kondenarik.

Absoluzioa eman eta gero, epaia ez errekurritzea erabaki nuen. Eta inork ez zuen pentsatu ere egin nola edo hala onartzen nuela beraiek arrazoi zutela. Inork ez zuen pentsatu immolatzen jarraitu behar nuela egunen batean nire egia judiziala garaile atera zedin.

Sistema judiziala auzitan jartzea ez da ezer berria. Sektore batzuek urteak daramatzate horretan. Nabaria da tresnak falta direla emakumeok berdintasun terminoetan parte har dezagun prozesuetan, aurreiritzi patriarkal eta matxistarik gabe. Gabezia horiek era esponentzialean handitzen dira adingabeen kasuan, batez ere neskak badira. Eta, bereziki, are zailagoak suertatzen dira inplikatutako pertsonak gertukoak eta ezagunak badira.

Berandu ibili gara, eta orain ahalegin kolektiboa egin behar dugu eragindako kaltea konpontzen laguntzeko.

Gutunaren edukiari babesa ematen diogu honako Euskal Herriko emakume errepresaliatuok: Anabel Egues, Sara Majarenas, Lierni Armendaritz, Idoia Martinez, Alicia Saez de la Cuesta , Oihana Garmendia, Olatz Egiguren, Aiora Epelde, Inma Pacho, Olatz Dañobeitia, Maitane Sagastume, Gotzone López de Luzuriaga, Araitz Zubimendi , Anuntzi Alonso, Josune Onaindia, Nagore Mujika, Ixone Fernandez, Itziar Martinez Sustatxa, Jugatx Duñabeitia, Enkarni Blanco, Uxua Olaia, Itziar Ugarte, Aitziber Sagarminaga, Regina Maiztegi, Saioa Agirre, Nagore Lopez de Luzuriaga, Maialen Zuazo, Oihana Mujika, Lorena Somoza, Maider Viso, Andone Soldevilla, Joana Regueiro, Amaia Sarrionaindia, Euri Albizu, Alaitz Iturriotz, Itziar Martin, Araitz Zubimendi, Garazi Biteri, Cristina Gete, Eider Zuriarrain, Ainara Esteran, Agurtzane Uriarte, Amaia Arrieta, Itziar Arrizabalaga, Maria Jesus Arriaga, Arantza Urkaregi, Marta Perez, Aloña Muñoa, Oiakue Azpiri, Izaro Lopez, Rosa Arana, Arantza Garbaio, Ainhoa Gutierrez, Kizkitza Gil de San Vicente, Naia Zuriarrain, Nerea Garaizar, Olatz Caminos, Anabel Prieto, Olatz Carro, Aizeti Fernandez, Maite Diaz de Heredia, Mertxe Txibite, Anitz Eskizabel. Miren Azkarate, Miren zabaleta, Itsaso Guemes, Itsaso Zaldua, Amaia Segurola, Enkar Cordon, Oihana Mujika, Eider Zurriarain, Maialen Zuazo,  Itziar Galardi, Jone Amezaga, Miriam Campos, Aniaiz Ariznabarreta, Garbiñe Urra, Eukene Gracia, Inma Berriozabal, Agurtzane Iriondo, Marilo Gorostiaga, Maitane Linazasoro, Sue Lorenzo, Ikerne Indiakoetxea, Itxaso Torregrosa, Garbiñe Urra, Fermina Villanueva, Uxune Gallastegi, Nerea Olaziregi, Biki Gorostiaga, Arrate Ruiz, Eulalia Aramendi, Laura Riera, Ainara Bakedano, Olatz Izagirre, Lorentxa Guimon, Elena Beloki, Leire Urrutia, Urtza Alkorta, Ana Lopez Monje, Suni Reizabal,  Lorena Couceiro, Oihana Mardaras, Janire Aranzubia, Lorena Lopez, Ane Miren Zubierrementeria, Nuria Alzugarai, Ane Beristain, Oihana Gil de san vicente, Marian Aramendi, Amaia Urizar de paz, Ainhoa Irastorza, Aiala Zaldibar, Marina Sagastizabal, Lorea zeziaga, Mari carmen Guimon, Agurtzane Izarza, Ameli Apaolaza, Aitziber Otegi, Kris Zeziaga, Marisa Alejandro, Leire Lopez Zurutuza, Beltzane Obanos, Sonia Marín Vesga, Ana Lizarralde, Nerea Bengoa, Mercedes Galdos, Eider Ijurko, Ainhoa Villaverde, Susana Atxaerandio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna