Koronabirusa

Hegoaldean 80.120 lagunek hartu dituzte bi dosiak

Intzidentzia tasa handia dela eta, 40 eta 80 urte arteko Legorretako herritarrak baheketa bat egitera deitu dituzte

2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun departamenduek eguneratu egin dituzte txertaketa prozesuari dagozkion datuak. Orain arte Hegoaldeko 80.120 lagunek COVID-19aren aurkako immunizazio prozesua amaitu dute, txertoaren bi dosiak hartuta. Erdiak baino gehiago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak dira: zehazki, hiru lurraldeetako 54.996 herritarrek hartu dituzte bi txertoak. Nafarroan, berriz, 25.124 biztanleri jarri zaizkie txertoaren bi dosiak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, zahar etxeetako egoiliar eta profesionalen %98,9k bi dosiak hartu dituzte. Osakidetzako profesionalen kasuan, berriz, %41,8k hartu dituzte bi dosiak,eta Ertzaintzan, %87,6k.

Jaurlaritzako Osasun Sailak astero argitaratzen duen txertaketa buletinean jasotzen duenez,Jaurlaritzak jasotzen dituen txertoen %10 gordetzen ditu orain. Duela bi asteinguru jasotako dosien %22 inguru gordetzen zituen.

Atzo, besteak beste, EHUko Odontologia, Fisioterapia eta Erizaintzako graduetako 400 bat ikaslek AstraZenecaren txertoa hartu zuten, osasun arloan praktikak egiten hasi aurretik.

Nafarroan, berriz, gaur hasiko dira 80 urtetik gorakoak txertatzen Tafallan, Azkoienen, Zangozan eta Altsasun. Foru gobernuak zehaztu duenez, 90etik gorakoek izanen dute lehentasuna.

Bestalde, 40 eta 80 urte arteko Legorretako (Gipuzkoa) herritarrak baheketa bat egitera deitu ditu Osakidetzak, intzidentzia tasa handia dela argudiatuta: 1.275 kasu. Bihar egingo dituzte PCR probak, kiroldegian (15:30-20:00).Txanda hartu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.