Zazpi legionela kasu atzeman dituzte asteotan Gasteizen

Sorburuaren bila dabiltzala esan dute Osasun Saileko teknikariek, eta halakoetaerako protokoloa abiatu dute

Berria -

2019ko otsailak 17
GASTEIZ. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du denera zazpi legionela kasu atzeman dituztela asteotan Gasteizko osasun zerbitzuek, eta protokolo bat abian dela horien sorburua zein den jakiteko. Oraingoz negatiboak izan dira azterketa guztien emaitzak. Halakoetan ohi denez, hozte sistemetako dorreetan eta apaingarri gisara erabiltzen diren iturrietan ari dira aparteko arta jartzen; izan ere, legionelaren bakterioa usu egoten da horrelako tokietan. Gaiari buruz atzo zabaldu zuten oharraren arabera, bi pertsona erietxean daude oraindik, baina hobera ari dira. Gainerakoei senda agiria eman diete erietxean. Osasun Sailak azaldu du kasuon «bilakaeraren berri» emango duela, eta bestelako neurriren bat hartu behar bada jakinaraziko duela. Adierazi duenez, iaz bakterio horrek 118 pertsona eritu zituen Euskal Autonomia Erkidegoan; 18 kasu izan ziren Araban, 54 Gipuzkoan, eta 46 Bizkaian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna