Castron agertutako burezurra Bilboko gizonezko batena da

Jesus Maria B.R. apirilean desagertu zen. Bikotekidea espetxeratu dute, eta auzia sekretupean jarri dute.

2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
BILBO. Larunbatean, burezur bat aurkitu zuen kutxa batean emakumezko batek Castro Urdialesen (Kantabria, Espainia). Ordutik, Guardia Zibilaren ikerketaren hipotesi nagusia izan da burua Bilboko gizon batena izan zitekeela, eta hala baieztatu zuten atzo arrastoei egindako analisiek. Jesus Maria B.R. bilbotarrarena da burezurra; 67 urte zituen, eta apirilaz geroztik zegoen desagertuta. Haren bikotekidea atxilotu zuten asteburuan, eta asteartean espetxera bidali zuen epaileak. 61 urteko emakumezkoa da atxilotua.

Hildakoa Castron bizi zen bikotekidearekin, eta urteak zeramatzan bertan. Hain zuzen, haien bizilagun batek aurkitu zuen burua. Ikerlariei azaldu zienez, atxilotuak berak eman zion kutxa duela hilabete batzuk, Guardia Zibilak haien etxea miatu zuenean gizonaren desagerpena zela eta. Esan zion kutxan «jostailu sexualak» zituela, eta lotsa ematen ziola poliziek ikustea. Bizilagunak, ordea, asteburuan kutxa irekitzea erabaki zuen, usain txarrarengatik susmoa hartuta.

Epaileak sekretupean jarri du auzia. Oraindik ez dituzte aurkitu biktimaren gainerako gorpuzkiak, eta hori da ikertzaileen oraingo kezka nagusia. Guardia Zibila bost egunez aritu da gizonezkoaren etxebizitza miatzen, baina orain ikerketa eremua zabalduko du. Besteak beste, biktimak Samanon (Kantabria, Espainia) zituen lurrak ikertuko ditu haren gorpuaren arrastorik ote dagoen jakiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.