Beste bost urtez EAEko Ararteko izango da Lezertua

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP+C's-en onespenarekin atera da aurrera. EP-IU eta Vox abstenitu egin dira

2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Manu Lezertua legelariak beste bost urtez segituko du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ararteko gisa, Eusko Legebiltzarrak haren kargua berretsi ostean. Vox eta Elkarrekin Podemos-IU abstenitu egin ziren atzoko bozketan, eta legebiltzarrean ordezkaritza duten gainerako indarrek haren alde bozkatu zuten: EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta PP+C's-ek.

Legebiltzarraren hiru bostenen babesa behar da Arartekoa izendatzeko —hau da, gutxienez 45 legebiltzarkiderena—, eta Lezertuak urrundik lortu zuen gehiengoa atzo, 67 legebiltzarkidek eman baitzioten babesa, eta sei abstentzio baino ez baitziren izan —ezezkorik ezin zuten bozkatu—.

Karguaz erabakitzeko orduan ez zuen inork hitzik hartu Legebiltzarrean, baina, Elkarrekin Podemos-IUko iturrien arabera, Arartekoa proposatzean oposizioarekin hitz egin ez izana izan zen ezkerreko koalizioak abstentzioa bozkatzearen arrazoia. EH Bilduk ere gaitzetsi egin zuen hautaketa prozesuan haiekin hitz egin ez izana, baina azaldu zuen Lezertuaren alde bozkatu dutela bere lana «zintzoki» bete duelako, interes eta presio politikoen gainetik, modu independentean lan eginez. PPk eta C's-ek osatzen duten koalizioak ere Lezertuaren lan «ona» nabarmendu zuten atzo.

Ararteko gisa 2015ean hartu zuen lehen aldiz kargua Manu Lezertuak, baina lehendik ibilbide luzea egina du legelari gisa. 1983tik 1985era bitarte Eusko Jaurlaritzako abokatu gisa jardun zuen, eta beste 30 urtez aritu zen gero Europako Giza Eskubideen Auzitegianlanean, legelari gisa. Espainiako Auzitegi Konstituzionalean ere jardun zen 1992tik 1994ra, oinarrizko askatasunen defendatzaile eta eskubide urraketei lotutako auziei buruzko lanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.