Batzorde Mistoak bilera egingo du ekainaren 25ean

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak beste hiru eskumen eskualdatzea hitzartuko dute bilera horretan

2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak osatzen duten Batzorde Mistoan beren arteko harremanari ekingo diote berriro ere, koronabirusaren krisiak ekarritako etenaldiaren ostean. Orain arte, bi aldeek kontaktu telematikoak izan dituzte, baina berriro ere aurrez aurreko bilera egingo dute Madrilen, ekainaren 25ean —Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainaren hasieraren bezperan—.

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu Josu Erkoreka eta Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministro Carolina Darias izango dira bi aldeen buruak Batzorde Mistoaren bilera horretan, eta asmoa da hitzartzea beste hiru eskumen Espainiako Gobernuaren eskuetatik euskal erakundeetara aldatuko direla.

Produktu farmazeutikoak, eskola asegurua eta enplegua erregulatzeko espedienteek eragindako langileek erretiroa hartu aurretik jaso beharreko diru laguntzak dira hiru eskumen horiek. Negoziazioak oso aurreratuta zeuden, eta hitzarmena sinatzea baino ez zen falta, baina akordioa izenpetzeko bilera bertan behera utzi behar izan zuten joan den martxoan, koronabirusaren krisiaren ondorioz. Kalkulatu dute hiru eskumen horiek 7, 5 milioi euroren balioa dutela.

Erkorekak esan duenez, hiru eskumen horien inguruko hitzarmena ixteaz gain, oraindik falta diren eskumenen transferentziaren egutegiaz ere hitz egingo dute Madrilgo bileran. Jaurlaritzaren proposamena da aurrekoan bi aldeek hitzartutako egutegiari eustea, baina epeak hiru hilabetez atzeratuz, horixe baita alarma egoerak ekarri duen etenaldia. Edonola ere, uztailaren 12ko bozetatik aterako den gobernuak kudeatu beharko ditu transferentzia berri horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.