Langile bat hil da Beriainen, kamioi batek harrapatuta

ELAk Nafarroako lan istripuak ugaritu direla salatu du; LABek, ez dela neurririk hartzen lan istripuak saihesteko.

2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
IRUÑEA. 54 urteko langile bat hil zen atzo goizean Beriaingo Errekaldea industrialdeko enpresa batean (Nafarroa). Ezbeharra 06:40 inguruan gertatu zen, Foruzaingoak jakinarazi zuenez: langilea kamioi baten atzealdean zegoela, ibilgailuak harrapatu egin zuen, eta gurpilaren azpian harrapatuta geratu zen. SOS Nafarroako osasun zerbitzuak joan ziren istripuaren lekura, baina langilea hilda zegoen. Cordovillako suhiltzaileek erreskatatu zuten gorpua. Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zuten, autopsia egiteko. Guardia Zibilak ikerketa abiatu du, istripua zergatik gertatu zen argitzeko.

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek lan istripua gaitzetsi dute, eta elkartasuna adierazi diote hildako langilearen familiari. ELAk nabarmendu du lan istripuak ez direla salbuespena Nafarroan: kopurua % 30 igo da 2012tik; 150 langile baino gehiago hil dira lan istripuetan azken hamar urteetan, eta azken urteetan ikertutako ezbeharren % 40 segurtasun neurrien faltagatik gertatu dira, sindikatuaren datuen arabera. 50 lan ikuskari gehiago eskatu ditu, Europako Batasuneko kopuruekin parekatzeko. Nafarroako Gobernuari zuzendu zaio, «behingoz» esku har dezan lantokietan, «langileen segurtasun baldintzak kontrolatzeko».

LABek gogorarazi du urtero gertatzen direla halako istripuak: «Baina ezagunak izanda ere, praktikan ez dituzte neurriak hartzen berriro gerta ez daitezen». «Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan, eta ez ahalegin horretan bizia galtzeko», jarraitu du sindikatuak. «Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu».

CCOOk uste du lan istripu guztiak eragotz daitezkeela, «eta enpresaren eginbeharra da hori». UGTk ere salatu du lan istripua, eta arauak errespetatzeko eskatu die enpresei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.