Konfinamenduak andrazkoak «zigortzen» dituela salatu dute

Oneka-k Angelun izandako hilketa gaitzetsi du. Nafarroan, 127 salaketa jarri dituzte konfinamendua hasi zenetik.

2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
BAIONA. Asteazken arratsaldean Angelun (Lapurdi) izandako hilketa matxista gogor salatu du Oneka Euskal Emakume Pentsiodunen Plataformak, ohar batean. Emakume bat tiroz hil zuten, eta senarrak bere buruaz beste egin zuen. 83 urte zituen andreak, eta 89 gizonak. Aurten hil duten laugarren emakumea da; bigarrena konfinamendu aldian. Oneka plataformak salatu du konfinamenduak emakume asko «zigortu» egiten dituela, beren erasotzaileekin itxita egotera behartzen dituelako.

Gainera, azpimarratu du emakume adineko izatea «genero indarkeria sufritzeko goi mailako arrisku faktorea» dela, eta indarkeria hori «ikusezina eta iraunkorra» izan ohi dela. Genero indarkeriaren aurka borrokatzen jarraitzeko konpromisoa ere agertu du Onekak agirian, «Angelun gertutakoa berriro inon gerta ez dadin».

Bidasoko M-8 Asanblada Feministak ere ohar batean salatu du konfinamenduak emakume asko «are egoera zaurgarriagoa» jarri dituela, eta beharrezkoa dela bitartekoak jartzea indarkeria pairatzen duten edo pairatzeko arriskuan dauden emakumeei babesa eta laguntza emateko.

Bestalde, koronabirus izurriteagatik alarma egoera hasi zenetik, 127 salaketa jarri dituzte Nafarroan indarkeria matxistagatik, Javier Remirez presidenteordeak atzo jakinarazi zuenez. Haren esanetan, biktimak babesteko guneak indartu dituzte Nafarroan, eta kontzientziazio kanpaina bat ere abiatu dute. Remirezek emandako datuen arabera, biktimentzako larrialdietarako zentroko lekuak bikoiztu egin dituzte larrialdi egoeran. Apirilaren 6an ireki zuten zentroa, indarkeria matxistaren biktimei arreta eskaintzeko, eta ordutik 19 emakume eta 26 ume artatu dituztela jakinarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.