Koronabirusa

Koronabirusarekin eri ziren bi adineko hil dira Nafarroan

573 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta 33 pertsona ospitaleratu dituzte. 71 lagun daude ZIUn.

PCR proba bat, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Behera egin du positibo kopuruak Hegoaldean. 573 atzeman dituzte 24 orduan, aurreko egunean baino 222 gutxiago. Dena dela, nabarmen apaldu da, beste behin, egunean egindako PCR proba kopurua ere, bereziki Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 5.990 PCR proba egin dituzte hiru lurralde horietan, eta 290 kasutan atzeman dute gaitza. Aurreko egunean, berriz, 7.626 laguni egin zieten proba.

Hiru lurraldeetatik, Bizkaian atzeman dira positibo kasu gehien: 134 kasu detektatu dituzte bertan. Gipuzkoan 117 positibo atzeman dituzte azken egunean, eta Araban, berriz, 31.

Iparraldean, beste bi agerraldi atzeman dituzte, biak Ziburun (Lapurdi). Herriko eskola publikoa eta polizia zerbitzua itxi dituzte.

283 kasu detektatu dituzte Nafarroan, aurreko egunean baino bi gehiago. Azken datuen arabera, egindako probetatik %15,7 dira positibo.

Halaber, bi pertsona zendu dira koronabirusarekin foru erkidegoan. Hildakoak 92 urteko gizonezko bat eta 86 urteko emakumezko bat dira, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi duenez.

Ospitaleratu berrien kopuruari dagokionez, beherakada izan da azken orduetan. Guztira, koronabirusarekin gaixorik dauden 33 lagun sartu dituzte erietxera, hau da, 23 gutxiago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erietxeratu dituzte horietako 25, eta, Nafarroan, zortzi lagun ospitaleraturen berri eman du Osasun Departamentuak.

Oraintxe, 404 pertsona daude ospitaleratuta Hegoaldean. Horietatik 71 lagun zainketa intentsiboetako unitatean daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.