Bi pertsona hil dira Baionan, ibilgailua Aturrira amilduta

2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
BAIONA. Istripu larria izan zen atzo arratsaldean Baionan: bi gizonezko hil ziren euren ibilgailua Aturri ibaira amildu eta gero. 44 eta 65 urte zituzten hildakoek. Frantziako Poliziak ikerketa abiatu du istripua zerk eragin ote zuen argitzeko, baina atzo zabaldutako lehen informazioen arabera, furgoneta batean zihoazen aipatu bi lagunak, eta San Federiko zubiaren gainetik igarotzen ari zirela, ibilgailuaren kontrola galdu zuen gidariak, eta istripua izan zuen. Zubiaren barandaren aurka jo zuen furgonetak lehenik, eta Aturri ibaira amildu zen gero. Barruan zihoazen bi pertsonak ere erori ziren ibaira.

Ezbeharra izan eta berehala, poliziek eta suhiltzaileek dispositibo zabala martxan jarri zuten ibaira amildutako bi pertsonak topatzeko. Erreskate lanetanparte hartu zuten Baionako suhiltzaileek, Angeluko, Donibane Lohitzuneko eta Hendaiako erreskate zentroetako buzoek, eta kostaldeko erreskate taldeko kideek. Haiekin batera, gendarmeak eta anbulantziak ere gerturatu ziren.

Erreskate lanek luze jo zuten. 19:00ak aldera topatu zuten furgoneta, hamabi metrora hondoratuta, eta garabi baten laguntzarekin atera zuten uretatik. Barruan aurkitu zituzten bi gizonen gorpuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.