Sam Bennettek irabazi du Giroko hirugarren esprinta

Jon Aberasturik denboraldiko aurreneko garaipena lortu du Euskadi-Muriasentzat, Aragoiko Itzulian

2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Sam Bennettek (Bora) Italiako Giroko zazpigarren etapa irabazi zuen atzo Praia a Maren. 159 kilometroko etapa ia bi kilometroko esprint oso luze batekin bukatu zen, eta irlandarrak azken metroetan hartu zion aurrea Elia Viviani(Quick Step) faborito handiari. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon, eta Simon Yatesek (Mitchelton) beste egun batez eramango du elastiko arrosa. Pello Bilbao (Astana) da lehen euskal herritarra, seigarren postuan, 1.03ra.

Etapa eguneko ihesaldiarekin hasi zen, eta bertan sartu zen Markel Irizar (Trek). OƱatiarrak Davide Bellerini (Androni) eta Maxime Belkovekin (Katuxa) egin zuen ihes zortzigarren kilometroan. 140 kilometro egin zituzten ihesean, tropelak helmugatik bederatzi kilometrora harrapatu zituen arte. Esprinta saihestezina zen, eta Bennett azti ibili zen. Azken metroetan Vivianiren gurpilera jarri eta aurrea hartu zion. Giroko lehen bi esprintak Vivianik irabazi zituen, bere aurkariekin estrategia bera erabiliz. Gaur 203 kilometroko etapa jokatuko dute, Montevergine di Mercoglianoko (1.260 metro) igoerarekin amaituko dena. Hemezortzi kilometroko mendatea da, baina ez oso gogorra.

Bestalde, eta Girotik kanpo, Euskadi-Murias taldeak sasoiko lehen garaipena lortu zuen atzo. Jon Aberasturi izan zen Aragoiko Itzuliko lehen etapa irabazi zuena, Caspen. Ondorioz, hura da lehen liderra. Merezitako lorpena da, taldeak postu on asko lortu baititu aurten, baina garaipena falta zitzaion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.