Valverdek lehen etapa irabazi du Andaluzian, eta lider jarri da

Espainiarrak esprintean hartu die aurre bost iheskideri, Poelsi, Reichenbachi, Rosari, Ion Izagirreri eta Contadorri

Alejandro Valverde (Movistar), etapa garaipena ospatzen, atzo. M. A. MOLINA / EFE.
2017ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Alejandro Valverdek (Movistar) bere garaipen zerrenda pilatzen jarraitzen du. Lau lehiaketa egun besterik ez daramatza aurten, eta bi garaipen pilatu ditu jada: joan den larunbatean, Murtziako Itzulia irabazi zuen bosgarrenez; eta atzo, Andaluziako Itzuliko lehen etapan nagusitu zen. Liderra da, beraz. Atzokoarekin, 99. garaipena du profesionaletan. Aurki lortuko du ehungarrena. Estatistika ikusgarria da, oso gutxiren esku dagoena.

Etxean, Murtzian (Espainia), egin bezala, Movistarrekoak erakustaldia eman zuen atzo. Aldapan gora, behera, ordekan eta azken esprintean; guztietan izan zen indartsuena. Ondoan izan zuen Alberto Contador (Trek) kilometro askoan, baina espainiarrak amore eman behar izan zuen azken metroetan. Sei txirrindulariz osatutako taldetxo bateko lehena eta azkena izan ziren Valverde eta Contador. Wouter Poels (Sky), Sebastien Reichenbach (FDJ), Diego Rosa (Sky) eta Ion Izagirre (Movistar) helmugaratu ziren haien artean. Ion Izagirrek oso lan ona egin zuen, eta indartsuenekin iritsi zen. Ondo aritu zen ere Mikel Landa (Sky) haren estreinakoan, zortzigarren, irabazlearengandik bost segundora.

Algarveko Itzulian eta Omango Tourrean ere etapak jokatu zituzten atzo: Portugalgo aurrenekoan, Fernando Gaviria (Quick-Step Floors) kolonbiarra nagusitu zen esprintean, eta lider da ere bai.Omango bigarrenean, berriz, Ben Hermans flandriarrak (BMC) irabazi zuen, eta lehena da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.