64 milioi euroren zuzenketak adostu dituzte EAJk eta PPk

Espainiako aurrekontuen negoziazioetan jeltzaleek eginiko ia eskaera denak onartu ditu gobernuak
Montoro Ogasun ministroa eta Esteban EAJko diputatua.
Montoro Ogasun ministroa eta Esteban EAJko diputatua. JAVIER LIZON / EFE

Berria -

2018ko maiatzak 17
MADRIL. Jeltzaleek ohartarazi dutenez, negoziazioak ez dituzte amaitu, eta Kataluniako egoera ez da oraindik argitu, baina ia ziurtzat jotzen da EAJk babestu egingo dituela Espainiako Gobernuaren aurrekontuak. Atzo iluntzean berri agentziek jakinarazi zutenez, PPk onartu egin ditu EAJk eginiko ia eskaera denak. Denera, 64 milioi euroko kostua izango dute Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestearekin truke jeltzaleek PPkoekin adostu dituen zuzenketek.

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroarako inbertsioak jasotzen dira akordioan, 2020ra artekoak: 25 milioi euro aurtengo aurrekontuetan, 24,5 milioi datorren urtekoetan, eta 14,5 milioi 2020koetan. Bereziki, diru hori bideratuko dute Abiadura Handiko Trenaren eta itsas portuetako lanetarako, eta ikerkuntza zentroetara eta bestelako hirigintza lan batzuetara.

Aste honetan eztabaidatu eta bozkatuko dituzte talde guztiek aurkeztu dituzten zeharkako zuzenketak —6.600 inguru—. Oraingo akordioari gehitu behar zaio apirilean pentsioei buruz adostutakoa: aurten eta 2019an pentsioak KPIa adina igotzea. Beste zuzenketa batzuk ere aurkeztu ditu EAJk: sektore publikoko kontratuekin loturiko bi, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna