Sergio Fernandez, Europako zilarra 400 metroko hesidunean

Barañaingo atletak 49,06ko marka egin du finalean, azken zuzengunean emaniko maila bikainari esker
<b>Sergio Fernandez, eskuinean, helmugara iristen. Erdian, Yasmani Cabello.</b>
Sergio Fernandez, eskuinean, helmugara iristen. Erdian, Yasmani Cabello. V.J. / EFE

Berria -

2016ko uztailak 9
ATLETISMOA. Sergio Fernandezek mugarria ezarri zuen atzo Euskal Herriko atletismoaren historian. Barañaingo atleta Europako txapeldunorde izan zen 400 metroko hesiduneko finalean, 49,06eko marka eginda. Yasmani Copello jatorri kubatarreko txapeldun turkiarrarengandik zortzi ehunenekora bukatu zuen (48,98). Hirugarren, berriz, Kariem Hussein suitzarra izan zen (49.10).Aurreneko aldia da Euskal Herriko atleta batek Europako Txapelketako abiadura proba batean dominaren bat lortzen duena.

Finalerdietan marka onenetan laugarrena eginda sailkatu zen Fernandez (49,20), baina atzo areago hobetu zuen. 23 urteko atletak hobekuntza harrigarria izan du azken urtean, eta atzo azken metroetan nabaritu zen bilakaera hori.

Fernandez laugarren postuan iritsi zen azken zuzengunera, eta bi aurkari pasatu zituen. Bere estrategia zen ahalegina neurtuz irten eta bukaeran estutzea. Prestatu bezala irten zitzaion. Copello txapelduna ere kinka larrian jarri zuen. Fernandezek Rio de Janeiron jokatuko du hurrengo txapelketa, jokoetarako gutxieneko marka egina baitu.

Adrian Vallesek, berriz, parte hartze apalagoa izan zuen, eta 11. postuan amaitu zuen pertika jauziko finalean. Sailkatze fasean 5,50 metroko jauzia egin zuen, baina atzo hiru saiakera ustel egin zituen altuera horretan. Jauzilari iruindarrak ez zuen lortu Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko gutxieneko marka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna