Eurokopaz martxoan erabaki dezake UEFAk

Rummenigek adierazi du litekeena dela azkenean herrialde bakar batean jokatu behar izatea txapelketa

2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun

FUTBOLA. Duela egun batzuk Suitzako Futbol Federazioko presidente Dominique Blancek egin bezala, Bayern Municheko zuzendari nagusi Kairl-Heinz Rummeniggek adierazi du zail ikusten duela Eurokopa hainbat herrialdetan jokatzea, eta litekeena dela azkenean UEFAk herrialde bakar batean antolatzearen alde egitea.

 

Berez Eurokopa aurreko urtean zen jokatzekoa. Estreinakoz UEFAk eta FIFAk hainbat herrialdetan egitearen aldeko apustua egin zituen, eta hamabi egoitza edo hiriburu aukeratu zituen. Tartean zegoen Bilbo. San Mamesen lau partida ziren jokatzekoak: Espainiako selekzioaren lehen faseko hiru, eta final-zortzirenetako kanporaketetako bat.

COVID-19aren pandemia tarteko, bertan behera geratu zen, eta aurten da egitekoa, ekainaren 12tik uztailaren 11ra.

Baina, pandemiaren egoera ikusita, osasun zein mugikortasun ikuspegitik oso zail ikusten du UEFAk hainbat herrialdetan jokatzea. Blancek aipatu zuen Ingalaterran, Alemanian edo Errusian joka zitekeela ziurrenik. UEFAk du azken hitza, eta litekeena da behin betiko erabakia martxo inguruan hartzea.

Hainbat klubek Europa mailan superliga bat sortzearen alde azaldu izana da UEFAk eta FIFAk datozen hilabeteetan aurre egin beharko dieten beste kontuetako bat. Bi erakundeak horren aurka daude, eta atzo Europako ligak biltzen dituen elkartearen babesa jaso zuten. Oraingo eredua babestu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.