Artola-Imazek bolada onari eutsi nahi diote gaur, Tolosan

Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena II.aren aurka ariko dira. Atzelari nafarrak lehenbiziko aldiz jokatuko du ligaxkan

Artola, pilota jotzear, eta Imaz begira duela, Laso-Albisuren aurkakoan. G. R. / FOKU.
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
PILOTA. Gaur arratsaldean hasiko da Binakako Txapelketako lehen ligaxkako hirugarren jardunaldia. Baiko Pilotako bikoteen arteko lehia izango da Tolosan (Gipuzkoa), Beotibarren. Batetik, Iñaki Artola eta Ander Imaz ariko dira, eta, bestetik, Oinatz Bengoetxea eta Jon Mariezkurrena. Artola-Imazek bikain ekin diote ligaxkari, jokatu dituzten bi partidak irabazi baitituzte: 22-18 Laso-Albisuri, eta 22-13 Olaizola II.a-Urrutikoetxeari. Haiek eta Jaka-Zabaletak bakarrik lortu dute halakorik. Alegiarra eta oiartzuarra ez ziren faborito bi neurketa horietan, baina bietan izan ziren aurkariak baino gehiago, eta nagusitasunez gailendu ziren. Artola min handia ari da egiten aurrean, eta Imaz sendo dabil atzean. Bolada ona luzatu nahi dute.

Baina, horretarako, Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena II.a hartu beharko dituzte mendean. Ligaxkan lehen aldiz elkarrekin ariko dira leitzarra eta berriozartarra, aurreneko bietan min hartuta egon baitzen atzelaria. Bengoetxea VI.ak Andoni Aretxabaleta izan zuen bikotekide, eta ondo moldatu ziren. Lehen partidan, 22-21 galdu zuten Olaizola II.a-Urrutikoetxearen aurka, baina bigarrengoan haiek nagusitu ziren, tanto bakar batengatik: 22-21 Laso-Albisuren aurka. Bengoetxea VI.a txisparekin ari da. Ikusteko dago ea Mariezkurrena II.a erabat osatu den. Berak ez du zalantzarik: «Sasoiko nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.