Vildozak Baskonia utzi du, eta New Yorken ariko da

2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
SASKIBALOIA. Azken egunetan bolo-bolo zebilen zurrumurrua baieztatu zen atzo: Luca Vildozak utzi egin du TD Systems Baskonia, eta NBAn jokatuko du, New York Knicksen. Joko antolatzaile argentinarrak eta Gasteizko taldeak atzo eten zuten euren arteko akordioa. Horretarako, Vildozak milioi bat euro pasatxo ordaindu zuen. Hark lau sasoirako kontratua adostu du New York Knicksekin: ia hiru milioi euro irabaziko ditu denboraldiko.

Vildozak ia lau sasoi egin ditu Baskonian, eta 228 partida jokatu ditu. Gorabeheratsua izan da haren jarduna. Aurreko denboraldia izan zen onena. Hain zuzen ere, hark lortutako saskiraketa batek eman zion ligako titulua Gasteizko taldeari, Bartzelonaren aurka. «Erabaki zaila izan da Baskonia uztea, baina ametsik handiena da NBAn jokatzea», esan du Vildozak, agurreko mezuan.

Baskoniak begiz jota du Vildozaren ordezkoa: Dallas Moore estatubatuarra —Albaniako herritartasuna du—. 26 urte ditu, 1,85 metro da luze, eta Txinan jokatu du orain dela gutxi arte. 25 puntu eta ia sei asistentzia lortu ditu han partidako. Aurki irits daiteke Gasteizera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.