Ion Izagirrek eskura du Valentziako Itzulia irabaztea

Ion Izagirre, maillot horiarekin.
Ion Izagirre, maillot horiarekin. EFE

Berria -

2019ko otsailak 10
TXIRRINDULARITZA. Gaur amaituko da Valentzian (Herrialde Katalanak) Valentziako Komunitateko Itzulia, eta, ondo bidean, Ion Izagirrek (Astana) irabaziko du sailkapen nagusia. Izan ere, azken etapa lauaren faltan, ormaiztegiarrak zazpi segundoren aldea du Alejandro Valverderekin (Movistar) eta Pello Bilbaorekin (Astana).

Adam Yates (Mitchelton) nagusitu zen atzo, etapa nagusian, Santa Luziako ermitan amaitu zena, esprintean Valverde mendean hartuta. Espainiarra behin eta berriz saiatu zen Izagirre atzean uzten, baina ormaiztegiarrak bikain eutsi zion. Azkenean, hiru segundo bakarrik galdu zituen. Haren aurretik iritsi zen Bilbao taldekidea, Yatesengandik bi segundora. Bestalde, Bessegesko Izarreko hirugarren etapan, Mikel Aristi (Murias) hirugarren izan zen.