ZUZENDARIARI

Hezkuntzan EH Bildu biluzik dago

2022ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
EAEko hezkuntza lege berriaren inguruan sortzen ari diren zalapartak, eztabaidak, prozesuak... zuzenan EH Bilduren muina kolpatzen ari dira. Joan den urteko barne eztabaida prozesuaren ondoren etorri zen EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemosekin ituna. Eta itun horretatik sei hilabete pasa direnean, Gasteizko gobernuak nahi dituen agindu/erabaki/zirriborroak argitaratu ditu. Horietatik asko, itunaren sinatzaileek ere ulertzen ez dituztenak.

Azaro amaieran EH Bilduk eta LABek agiri bateratu bat atera zuten, non argi geratu zen komunitario hitza erabiltzen dutenean ikastolez ari direla. Ezker abertzaleko bi eragile hauentzat «Ikastolen eredu komunitarioa oinarri» hartu behar da; eta ez herriko eskola publiko batena, zeinak harremana duen eskola inguruko eragile sozial, guraso elkarte eta udalarekin, eta non sarbidea herritar orori ematen zaion inolako bereizketarik egin gabe. Ikastolek sare hori ere badute, noski, baina komunitate horretarako sarbidea mugatua dago.

Horrelako hauspoarekin zenbait norbanako eta ordezkarik publikotasuna bera kolokan jarri dute, zabaldu dituzten idatzi eta txioetan. Hori bai, hezkuntza alorrerako bakarrik. Beste sistema guztirako orain arteko publikoaren definizioak balio du. Osasun, zaintza, pentsio... sistema publikoak ez dira espainol edo frantsesak. Kuriosoa.

EAErako lege batez ari gara, ez Euskal Herri osorako batez. Nahi genuke zazpi herrialdeak bilduko lituzkeen lege batez arituko bagina, baina tamalez ez da kasua. Eztabaida marko horretan kokatu behar dugu, nekez egongo delako Euskal Herri burujabe bat orain arte bezala jarraitzen badugu; eta lege-proposamen hau horrantz doa. Sistema duala betikotuko du, hezkuntzan eskola publikoa den %50ari bizkarra emanez. EH Bilduk, Ikastolen Elkarteak suposatzen duen %15 salbatu nahian, Kristau Eskolak diren %30ari ikaragarri lagunduko dio, honek suposatzen duen guztiarekin, baina gai hau aipatzea ahaztu egiten zaie.

Eta hau ez da Erregea biluzik dago ipuina. EH Bilduri jende asko ari zaio planteamendu honen hutsuneez informatzen, datuak eta esperientziak ezagutarazten; baina entzungor eginez jarraitzen dute.

Garaiz gaude itunetik atera eta ezkerreko sektoreen tradizio sozialekin bat egingo duen proposamen partekatu bat egiteko. Has gaitezen gaur bertan, abenduak 14, Bilboko, Gasteizko eta Donostiako kaleak berriro betez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.