ZUZENDARIARI

Hezkuntza Legea: ez goaz bide onetik

Ainhitze Bizkarralegorra Bravo eta Irune Soto Aldalur.
2022ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Arnas Dezagun taldeko gurasook kezkaz jarraitzen dugu Hezkuntza Lege berriaren bilakaera. Legearen aurreproiektua ezagutu genuen duela egun batzuk, eta gure kezkak areagotu besterik ez dira egin. Gure seme-alabek euskara gehiago jakingo dutela dioten arren, nekez lortuko da hori euskara orduak gutxituta. Gaztelania eta ingeles orduak biderkatu egingo dira, eta euskarazko ikastorduak neurri berean gutxitu.

Egun D ereduak ikasleak euskalduntzeko dituen zailtasunak ikusita, nola pentsatzen dute gure agintariek konponbidea euskara orduak gutxituz iritsiko dela? Gainera, are kezkagarriagoa iruditzen zaigu legearen aurreproiektu honek inolako oposiziorik jaso ez izana.

Murgiltzearen eta arnasguneen aipamenik ez dago legearen aurreproiektuan. Gure proposamenak eta eskariak helarazi genizkien arren, legearen aurreproiektuak ez du haur euskaldunen sakabanaketari, bazterketa eta estres linguistikoa amaitzeko inolako neurririk aipatzen. Hori gutxi ez, eta aurreproiektuak ez du zehazten ikasleen euskara maila bermatzen ez duten eskolek zer egin beharko duten euskara maila nahikoa ziurtatzeko.

Euskara maila zehazteko proposatzen den prozedura ere (ikastetxeko bertako irakasleen bitartez) ez zaigu egokia iruditzen. Kanpo-ebaluazioa behar du, ikasleen maila inpartzialtasunez neurtuko bada.

Hitz politekin apaindu nahi izan duten legearen aurreproiektu honek zehaztasun gutxi dakartza, eta neurriak oso eskasak. Euskararekiko atxikimendua eta erabilera maldan behera doazen garai honetan, gure agintariek erdaren aldeko hautua egin dutela dirudi, gaztelera irakas hizkuntza bilakatuta ordu gehiago eskainiz ikasle guztiek ondo baino hobeto jakin arren, eta (gutxienez) ingelesa ere irakats hizkuntza bihurtuz, ingelesez emandako edukien kalitatearen kaltetan. Eredu «aniztuna» aurreproiektuan proposatu bezala orokortzen bada, ez dago aditua izan beharrik ikasleen euskarazko gaitasunak are beherago egingo duela ondorioztatzeko.

Lege aurreproiektu honekin, haur etxetik euskaldunak egun baino are azkarrago erdaldunduko dira, eta haur etxetik erdaldunentzat, euskara are arrotzagoa eta deserosoagoa bihurtuko da. Urte askotako atzeraldia ekar dezake Hezkuntza Lege berriak aurreproiektua zuzentzen ez bada, gure ustez. Kinka estu honetan, arduraz eta koherentziaz jokatzeko eskatu nahi diegu eragile eta alderdi euskaltzaleei. Ez goaz bide onetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.