Alex Isakek jasandako oihu arrazistak gaitzetsi ditu Realak

Epailea Errumania-Suedia lehia bertan behera uztear egon da, aurrelari txuri-urdinaren kontrako irainengatik

2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Jokin Aperribai Realeko presidenteak gogor salatu ditu, herenegun, Errumania-Suedia partidan, Alex Isak jokalariak jasandako irain eta oihu arrazistak. «Zaleak, kulturak eta pertsonak batzeko balio behar du futbolak, eta Realak bide horretan segituko du lanean, errespetuan eta elkarbizitzan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko». Realeko taldekide askok babesa azaldu zioten aurrelariari sare sozialetan.

Datorren urteko Eurokoparako sailkapen ligaxkako azken bi partidak jokatzen ari da egunotan Isak, Suediarekin. Herenegun, lehia erabakigarria zuen Errumaniaren kontra, Bukaresten. Bero hasi zen norgehiagoka, etxeko zaleek petardoak eta bengalak jaurti baitzituzten harmailetatik, eta partida geratua egon zen minutu batzuk.

Isak bigarren zatian zelairatu zen, eta, berehala, harmaila horretako zaleak irain arrazistak oihukatzen hasi ziren Isaken kontra. Daniele Orsato epaileak partida eten zuen, eta bertan behera uztear egon zen. Baina, azkenean, jarraitu egin zuen lehiak.

Suediak 0-2 irabazi zuen, eta, hala, Eurokoparako sailkatzea lortu du. Lehiaren amaieran, jokalari guztiak Isak besarkatzera gerturatu ziren. «Mingarria eta lotsagarria da halako zerbait bizi behar izatea», adierazi zuen jokalari txuri-urdiñak.

Azken asteetan beste hainbat jokalarik jasan behar izan dituzte halako irainak: Taison Barcellos Xaktar Donetskekoak, Mario Balotelli Bresciakoak eta Raheem Sterling Manchster Citykoak. Gainera, duela egun batzuk Poliziak bederatzi zale atxilotu zituzten, Bulgariaren eta Ingalaterraren arteko partidan zehar jokabide arrazistak edukitzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.