Leire Rodriguezen hiltzaileari 25 urteko kartzela ezarri diote

Herri epaimahaiak aho batez jo zuen erruduntzat akusatua: etxean jo, eta autoarekin harrapatu zuen gero

2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
BILBO. Bizkaiko Auzitegiak 25 urteko espetxe zigorra jarri dio Leire Rodriguezen bikotekide ohiari, hura hiltzea leporatuta. Herri epaimahaiak aho batez jo zuen erruduntzat joan den astean, epaiketaren ondoren, eta epaileak zigorra zehaztu du. Maltzurkeriaz egindako hilketa egotzi diote, bi larrigarrirekin: genero indarkeria eta hildakoa senide izan zuela. Aringarririk ez zuen onartu epaimahaiak.

2013ko abuztuaren 7an hil zuten Leire Rodriguez. Epaimahaiaren arabera, haren etxera joan zen bikotekidea, «hura hiltzeko asmoarekin». Atea ireki zuenean, ahoa eta sudurra estali zizkion emakumeari, eta komunera eraman zuen. Behin baino gehiagotan jo zuen han. Ondoren, autoa hartu eta errepidera eraman zuen andrea, artean bizirik zegoela; bidean jarri, eta autoarekin harrapatu zuen. Poliziak hasieran uste izan zuen errepideko ezbehar batean hil zela Rodriguez, eta gidariak ihes egin zuela. Baina, bikotekide ohia deklaratzera deitu zutenean, ez zen agertu, eta trenbidera bota zuen bere burua. Gurpil aulkian dago.

Herri akusazioek eskatutako zigorra ezarri du epaileak: 25 urte. Akusazio partikularrak 30 urtekoa zuen eskatua, eta fiskalak, 23koa. Defentsak, epaimahaiaren erabakiaren aurretik, zazpi urtekoa galdegin zuen.

Rodriguezek eta hiltzaileak bi ume zituzten elkarrekin: aitak ama hil zienean, 2 urte zituen batak, eta 6 besteak. Zigortuak ezin izango du umeekin harremanik izan datozen 30 urteetan, eta guraso ahala kendu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.