Koronabirusa

Madrilek espetxe politika leundu dezala exijitu dute

OMEren gomendioak betetzeko eskatu dute Etxerat-ek, Salhaketak, Altsasuko Gurasoak taldeak eta Sarek

2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Martxoaren 12an, Espainiako Gobernuak konfinamendua ezarri aurretik, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak zera erabaki zuen: espetxeak bakartzea eta soilik funtzionarioei uztea barrura sartzen. «Orduz geroztik, Espainiako Estatuko 70 erakunde sozialek baino gehiagok behin baino gehiagotan eskatu dugu, beste neurri batzuen artean, presoak aska ditzatela, hori baita neurririk onena COVID-19aren kutsatzeei aurrea hartzeko eta presoen osasunerako eta bizitzarako eskubidea bermatzeko».

Giza eskubideen arloko Nafarroako lau taldek (Sare Herritarrak, Etxerat, Salhaketa eta Altsasuko Gurasoak) agiri bateratu bat kaleratu zuten atzo, gizarte osoari dei berezi bat egiteko, egungo osasun krisian Espainiako Gobernuak espetxe politika alda dezan. Beste estatu batzuek presoak askatzeko neurriak hartu dituzte, eta Espainiako Estatuak norabide hori hartu ez izanari «tamalgarri» deritzote. Espetxeak bakartzeak, praktikan, «presoen eta haien gertukoen eta familien arteko komunikazioa murriztea ekarri du, eta bertan behera gelditzea barruko jarduera guztiak, tratamendukoak barne».

Osasunaren Mundu Erakundeak eta Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak gomendatu dute, besteak beste, estatuek lehentasuna eman diezaiotela espetxeetako populazioa murrizteari, eta zigorraren alternatiba diren neurriak hartzeari, aske utziz ezaugarri jakin batzuk dituzten presoak, arrisku txikiko profila dutenak: COVID-19a dela-eta arrisku berezia duten eta gaixotasun larriak dituzten presoak, adinekoak, haurdun diren emakumeak eta beren ardurapean seme-alabak dituztenak...

Espainiako Gobernuak ez du urratsik egin. «Ez da egokia hala jokatzea, eta luze gabe ondorio ikaragarriak izan ditzake». Horregatik, dei berezia egin diete Nafarroako alderdi, sindikatu eta gizarte eragileei eta, oro har, gizarte osoari, Madrili eska diezaioten urratsak egin ditzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.