Bilbo Basketek Real Madrilen aurka jokatuko du gaur, Bilbon

ACB ligako seigarren jardunaldiari dagokion partida da, bere garaian COVID-19arengatik atzeratutakoa

Aaron Jones saskia birrintzen, Obradoiroren aurka. ARITZ LOIOLA / FOKU.
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
SASKIBALOIA. Retabet Bilbo Basketek partida zaila dauka gaur gauean Miribillan (Bilbo), Real Madril baitatorkio parez pare jartzera. ACB ligako seigarren jardunaldiko norgehiagoka da, eta bere garaian atzeratu egin zen COVID-19arengatik, positibo eman baitzuen Fabien Caseur Real Madrileko jokalariak. 21:15ean hasiko da, eta sailkapenean bi muturretan dauden taldeak lehiatuko dira: etxekoak azken hirugarren dira, partida bakarra dutelako irabazita sei jokatu ondoren; kanpokoak, aldiz, lehen postuan daude, jokatu dituzten zortzi partidak irabazi eta gero.

Egutegia izaten ari den aldaketa eta gorabehera handiaren inguruan, gogoeta hau utzi zuen atzo Alex Mumbruk, Bilbo Basketeko entrenatzaileak: «Ez da bidezkoa ni kexatzea aldaketez, gainontzeko entrenatzaileak ere egoera berean daudelako. Ahalegin berezia egin behar dugu talde guztiek». Pandemia saskibaloian izaten ari den eraginaz harago ere joan zen: «Kiroletik kanpo jende asko ari da sufritzen, eta ez litzateke justua izango gu kexatzen hastea». Konfinamendu orokorra berriz ezarriko balitz, eta lehiaketak eten beharko balira, kirol munduko langileak izan zituen gogoan, baita bestelako langileak ere: «Jende asko bizi da kiroletik, eta geratzea kolpe gogorra litzateke. Gogorra den bezala, ostalaritzako langileak eta oro har kaleko jendea sufritzen ari dena, Aldi Baterako Enplegu Espedienteekin. Gainera, kaleratze espediente bihurtzen ari dira orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.