ZUZENDARIARI

CAF enpresako Mugikortasun Plana

Urko Jauregi Urruxulegi.
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
CAF enpresako errealitatea barrutik ezagutzen ez duen orok pentsa dezake mugikortasun gaietan ere abangoardian dagoen enpresa bat izango dela. Baina, zoritxarrez, errealitatea bestelakoa da gurean.

Paradoxikoa dirudien arren, nagusiki trenak egin eta distantzia plusa konpentsatzeko treneko billetearen zenbatekoa ordaintzen duen enpresa honek lanera etortzeko garraiobide hori bera erabili ahal izatea ukatzen die bere langileei.

Azken hilabeteotan hainbat neurri proposatu dizkiogu Zuzendaritzari enpresarako joan-etorriak arinagoak eta seguruagoak izateko eta ahalik eta auto pribatu gutxien erabiliz egiteko (CO2 isuriak gutxituz), baina erantzunik ez dugu jaso edota bestela erantzuna ezezkoa izan da kasu guztietan.

Azken asteotan Enpresa Batzordetik berriz eskatu diogu Zuzendaritzari tren zerbitzua erabiltzen duen langile orori hamabost minutuko sarrera-malgutasuna onartu diezaiola geltokitik lantegira oinez etorri ahal izateko (gaur egungo ordutegiekin korrika etorrita ere ez du astirik ematen). Baina, beste behin ere, ez dugu erantzunik jaso, eta bitartean hainbat eta hainbat langile euren auto partikularra hartzera kondenatzen ditu.

Hau nahikoa ez, eta, lotsa gutxirekin, Mugikortasunaren Europar Astea izan dela baliatuz, langileoi «garraiobide jasangarriak» erabiliz lanera etortzeko enpresen arteko lehia batean parte hartzea eskatzeko aurpegia izan dute. Berriz ere CAFen irudi berdea munduan zabalduz. Berriz ere itxurakeria nagusi.

Berriz ere Zuzendaritzari eskatzen diogu produkzioan diharduten eta garraio publikoa erabiliz lanera etorri nahi duten langileei ordu laurdeneko sarrera-malgutasuna onartu eta horrekin batera benetan mugikortasun jasangarri bat bultzatuko duten neurriak hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.