Athletic Kopako final-laurdenen bila gaur, Alcoyanoren kontra

Zuri-gorriek bolada onari eutsi nahi diote, eta litekeena da Villalibre, Morcillo eta Berenguer hasieratik aritzea

Athleticek Lezamaren 50. urteurrena ospatzeko egindako ekitaldia. ATHLETIC.
2021eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Marcelino Garcia aulkira ailegatu denetik, esne mamitan da Athletic. Talde zuri-gorria emaitza eta joko bolada onean dago, eta gaur hori baliatu nahi du Espainiako Kopan, Alcoyano kanporatu, eta final-laurdenetarako sailkatzeko (21:00etan, Dazn).

Bi maila gorago egonda, Athletic da faboritoa. Baina talde zuri-gorria ez da fio. Izan ere, Alcoyanok Lehen Mailako bi talde utzi ditu kanpoan jada: Huesca eta Real Madril. Marcelinok argi du: «Sufritu egin beharko dugu, eta prest gaude horretarako. Lehiakor izateak emango digu garaipena. Intentsitate handiko partida izango da, eta horren arabera jokatu behar dugu». Teknikariak bi hutsune ditu gaurko partidarako: Iñigo Martinez eta Mikel Balentziaga. Aldiz, Yuri Berchiche osatuta dago, eta deialdian sartu du Marcelinok. Hasieratik joka dezake, baita Asier Villalibrek, Jon Morcillok eta Alex Berenguerrek ere. Horrez gain, Marcelinok baieztatu zuen Kenan Kodro Valladolidera joatetik «oso gertu» dagoela.

Bestalde, talde zuri-gorriak ekitaldia egin zuen atzo, 50 urte bete baitziren Lezaman lehen entrenamendua egin zutela. Bertan egon ziren Aitor Elizegi presidentea, Marcelino eta Iraia Iturregi teknikariak, Iker Muniain eta Erika Vazquez kapitainak, eta Jose Angel Iribar, Santi Urkiaga eta Julen Guerrero jokalari ohiak. Guztiek Athleticen filosofian eta balioetan Lezamak izan duen, daukan eta edukiko duen garrantzia azpimarratu zuten.

UEFAk, berriz, atzo berretsi zuen eutsi egiten diola Eurokopa hamabi hiritan jokatzeko asmoari. Bilbo da horietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.