Irizar Klasikoan lehiatuko da azken aldiz

2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Markel Irizarrek (Oñati, Gipuzkoa, 1980) jarri dio data bere erretiroari: abuztuaren 3an lehiatuko da azken aldiz, Donostiako Klasikoan, «etxean». Egun horretan amaituko du hamasei urteko kirol ibilbidea.

Irizarrek atzo eman zuen erabakiaren berri, sare sozialetan. «Minbizitik errekuperatzen ari nintzela, bi helburu eta borroka egiteko arrazoi nituen: bata, aita izatea eta familia bat sortzea; eta bestea, profesionaletara pasatu eta kirol ibilbide luze bat izatea. Zuetariko askori eskerrak, gaur, biak lortu ditudala esan dezaket. Mila esker bihotzez». Irizarrek bereziki zaleei eman dizkie eskerrak, «nahiz eta garaipen zerrenda handia ez izan, oso maitatua sentitu» delako beti.

Irizarrek 2004an egin zuen debuta profesionaletan, Euskaltel-Euskadirekin. Bi urte lehenago atzeman zioten barrabiletako minbizitik osatu berri zen. Sei urte egin zituen Euskaltelen, bi Radioshacken, eta zortzi daramatza Treken. 2010ean Poitou-Charentes Itzuliako etapa bat eta 2011ko Andaluziako Itzulia ageri dira haren garaipen zerrendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.