Azken-azken agurrari ekingo dio gaur Hertzainak-ek, BECen

Gaur eta bihar ariko da taldea Barakaldon, eta azken kontzertua Gasteizen emango du, urtarrilaren 6an

Hertzainak, Sarek antolatutako Etxera Bidea Gertu jaialdian, Donostian. I.Z. / FOKU.
2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
MUSIKA. 1993ko urtarrilean Donostian esan zuen agur lehenengoz Hertzainak taldeak. Bi hamarkada pasaren ostean, Bilbon agurtu ziren berriz, 2019ko irailean; eta oraingoan bai, hirugarren eta azken-azken agurra izango denari ekingo diote. «Hau definitiboa izango da», esan zuen irriz Josu Zabalak kontzertu berrien aurkezpenean. Hiru kontzertu emango dituzte denera horretarako: gaur eta bihar Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan ariko dira, milaka entzuleren aurrean, eta Gasteizera helduko dira urte berriarekin: urtarrilaren 6an izango da, Mendizabalan —karpa klimatizatua jarriko dute—.

Azkena gure alde lelopean antolatu dute bira laburra, eta Zabalak bi lurren artean deskribatu zuen taldearen egoera: oin bat izan ziren hartan, eta bestea egun diren horretan. «Gure izaera ondo ordezkatuko duen zerbaitek egon behar du: jatorrizkotik zerbaitek egon behar du, eta 2022. eta 2023. urteetatik zerbaitek».

Beren diskografia osoko abestiak joko dituzte, baina hainbat lagun ere igoko dira haiekin oholtzara. Horien artean izango dira gaur Xabi Aburruzaga, Maddalen Arzallus, Nerea Elustondo, Onintza Enbeita, Ane Labaka, Erika Lagoma, Aiora Rementeria eta Joseba Tapia. Bihar, berriz, Eñaut Elorrieta, Eneko Abasolo, Bixente Martinez, Igor Elortza, Olaia Inziarte, Unai Iturriaga, Endika Lahaine, Etxahun Lekue, Petti eta Rafa Rueda, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.