Zelaietara ezin sartzea salatu dute informatzaile grafikoek

Kritikatu dute LFPk koronabirusa dela-eta ezarri dien debekua «informazio askatasunaren aurka» doala

EIGEk atzo Zubietan deitutako kontzentrazioa. ANDONI CANELLADA / FOKU.
2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
FUTBOLA. EIGE Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteak deituta, eta Informazio eskubidea dugu jokoan lelo hartuta, elkarretaratzeak egin zituzten atzo hainbat kamerari eta argazkilarik Zubietan, Taxoaren eta Ibaian, LFP Espainiako Futbol Liga Profesionalak lan egiteko ezarri nahi dizkien mugak salatzeko. LFPk hainbat neurri hartu ditu liga berriz hasten denerako. Besteak beste, ez diete sartzen utziko entrenamenduen eta partiden irudiak hartzera, eta, pandemia hasi zenetik egin bezala, kluben kanal ofizialek eta LFPk zabalduko dituzte. Horretarako, LFPk propio kontratatu du agentzia bat. EIGEren arabera, neurriak «informazio eskubidea urratzen» du.

EIGEk argazkilari eta kamerarien lanaren garrantzia nabarmendu zuen; «alarma egoerak eta krisiak eragin duena azaltzeko». Segurtasun neurriak betez, eta osasun arriskuak ahalik eta txikienak izanik, eskatu zuen futbolari lotutako informazioa berriro eman ahal izateko. «Posible» dela defendatu zuen. «Beste esparru guztietan egiten ari garen moduan». Izan ere, ez du ulertzen komunikabideak funtsezko jardueratzat hartzea eta debeku hori ezartzea. Haren hitzetan, «zentzugabea» da ospitale, ZIU, gorputegi edo zahar egoitzetan argazkiak atera ahal izateko baimena izatea, eta kirol instalazio eta futbol zelaietara sartzen ez uztea.

Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak esan du protokolo bat ezarri nahi duela aurreko egoerara bueltatzeko, baina ikusteko dago noiz egingo duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.