Fernandezek munduko urrezko domina irabazi du
ABIADURA PATINAJEA. Ioseba Fernandez abiadura patinatzaileak (Iturmendi, Nafarroa, 1989) munduko 100 metroko proban garaiezina dela berretsi zuen atzo. 2018an bezala, aurtengo Munduko Txapelketan ere azkarrena izan da proba horretan, Ibaguen, Kolonbian.
Iturmendikoa denborarik onena eginda sailkatu zen finalerako, eta lasterketa erabakigarrian ez zuen hutsik egin; Steven Villegas kolonbiarraren eta Jorge Luis Martinez mexikarraren aurretik helmugaratu zen. Hori aski ez, eta munduko bi marka ezarri zituen: lehena, proba horretan; eta bigarrena, 300 metrokoan. Fernandezek Munduko Txapelketan irabazten duen laugarren urrezko domina du; 2012an jantzi zuen lehena, 200 metroko proban; 2014an bigarrena, 500 metrokoan; eta orain dela hiru urte hirugarrena, 100 metrokoan. Guztira, bederatzi alditan lehiatu da Munduko Txapelketan, eta hamalau domina eskuratu ditu. Ruth Arza iruñearrak, bestalde, zilarrezko domina kolkoratu du, junior mailako 200 metroko proban.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.