ZUZENDARIARI

Calzadaren azpiko Kaltzada

Joxe Austin Arrieta Ugartetxea. -

2017ko azaroak 16

Lokartu egin ote naiz gaur ere, ordu bietako Gaur Egun-en? Ez, ez dut uste. Erne egon naiz telebistari begira, bazkaldu berritako lo-xuma gale tentagarriari euskor. Jakin nahi bainuen. Hasierako laburpenean ez dute deus esan; eta gerora, kulturazko berrien saski-naski labur axalekoan ere ez. Seguru nago. «Chiquito de la Calzada» omen zeritzan umorista espainol delako baten heriotzaren berri bai, eman zuten, lehengo astean, gure telebistan, eta gure hizkuntzan (aurkezleetariko batek, hori behintzat dotore asko, esan ohi duen gisan). Baina Julen Kaltzadaren heriotzaren berririk ez. Izan ere, aizu... nor da Julen Kaltzada? Bestea, espainola, bai, ospetsua zen; denontzat ezaguna, baita Alduden ere. Baina Julen?... Julen Kaltzada diozu?... Pas connu.

Gure kultur panorama gero eta (nire iritziz) ghetizatuagoan, ezer gutxi dago ETBk adina behazun eragiten didanik. Gaixotzeko tamainan jartzen nau, baina, nonbait, masokista-edo izaki, hortxe lotzen natzaio hala ere egunero, programa informatiboei bederen (bestelakoak ez, ezin ditut jasan: pilota-partidaren bat edo beste, tarteka, eta aski). Ez al zen, bada, euskara eta euskal kultura suspertzeko sortu Euskal Telebista? Ez al dugu, bada, urtero, dirutza ikaragarria ordaintzen eusko-zergaduru-artaburuok ETBri eusteko, kultura, historia, aisialdia, mundua —hitz batez esanda—, euskaraz bizi ahal izan dezagun?... (Behazun-jarioa: isil nadin). Baina ez, erabat ez: segi dezadan pixka bat. Sautrela ere kendu zuten: badakizu, dozena-erdi txotxoloren apetak dira horiek; hobe A bocados modukoak promozionatzea, aizu: euskaldunik euskaldunenari ere kamera aurrean erdaraz mintzarazi behar zaiola bere culinary center top-eko errezeten emaile? Eta zer axola du horrek? Erdara ere gurea da, ezta? ... (behazun-jarioa bor-bor: oraingoan bai, stop).

ETB1ek ez daki nor izan den, eta nor izango den luzaroan komunitate euskaldunaren oroimen bizian, Julen Kaltzada: euskaltzale porrokatua, AEKren sortzaileetarikoa, idazle eta itzultzailea, frankismoak umezurtz lagatakoa, frankismoak zanpatua, baina inoiz ez makurtua... (stop hemen ere: hau irakurriko dutenek ez dute Julen Kaltzadaren panegirikorik behar). Baina, nioen bezala: ETB1ek ez daki nor izan den. Eta ETB2k are gutxiago: Euskadi Sarien zirimonia zirimoniatsuaren ondoren ere, Donostiako idazle espainolari bakarrik egin diote elkarrizketa, irakurri ez dudan baina ofizioagatik agian irakurri beharko nukeen obra esan didatenez handios bezain hutsal horren egileari. Arantxa Urretabizkaiari, edo Asier Serranori ez diete tipula hurbildu... Izan ere, aizu: Arantxa Urretabizkaia? Asier Serrano?... Nor dira horiek?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.