Urkulluren agerraldia, asteartean

2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Iñigo Urkullu lehendakariak eta haren gobernuko zenbait sailburuk Zaldibarren gertatutako luiziaren inguruko azalpenak emango dituzte Eusko Legebiltzarraren Diputazio Iraunkorrean, datorren asteartean. Oposizioko alderdiek eskatua zuten agerraldi hori, hauteskundeen deialdiaren ondorioz legebiltzarra deseginda dagoen arren.

EAJren parlamentari Iñigo Iturratek esan du «seguru asko» zenbait sailburu agertuko direla Urkullurekin batera azalpenak ematera. Salatu du «kanpaina» bat dagoela hedabideetan eta sare sozialetan, «lehendakariari leporatzeko krisi honetan ez dela erantzun egokia ematen ari», eta kanpaina «anker» horren helburua dela lehendakaria politikoki «higatzea». Bereziki EH Bilduri leporatu dio lehendakariaren irudia «doilorki higatu» nahi izatea.

EH Bilduren parlamentari Mikel Oterok esan du Urkulluren agerraldia «berandu» datorrela eta «beharturik» agertuko dela Diputazio Iraunkorrean. «Lehendakaria ezkutatuta egon da», salatu du Oterok.

Elkarrekin Podemoseko Jose Ramon Becerra parlamentariak esan du Jaurlaritzaren kudeaketa «txarra» izan dela, «segurtasunean zein lan osasunaren arloan». PPko legebiltzarkide Carmelo Barriok Jaurlaritzari eskatu dio «dauzkan ardurak beste inoren bizkar ez uzteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.