Baikok biharko deitu ditu greban dauden pilotariak

Enpresako langile guztiekin, berriz, egun bat geroago egingo du batzar informatiboa, etzi bertan.

Larunbe grebarako agiria sinatzen, ostiralean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
PILOTA. Baiko enpresak atzo iluntzean jakinarazi zuen biharko deitu dituela greban dauden pilotariak, bilera bat egitera.Ordua eta lekua ez zituen zehaztu oharrean. Berez, Jose Ramon Garai zuzendari nagusiak atzorako iragarri zuen bilera hori aurreko osteguneko agerraldian, baina atzo arratsalde erdian, pilotariek oraindik ez zuten enpresaren berririk. Etzirako ere beste hitzordu bat jarri du Baikok: langile guztiak deitu ditu batzar informatibo batera. Ez du lekurik eta ordurik zehaztu.

Enpresako pilotarien gehiengoak aurreko ostiralean iragarri zuen hamabi greba egun egingo dituztela urrian. Aurreneko lau egunak aste honetan dira: ostiraletik hasi eta astelehena bitarte. Biharko bileran ez bada askatzen enpresaren eta pilotarien arteko korapiloa, grebak bete-betean harrapatuko du Binakako Txapelketa. Larunbateko partida joko du erdiz-erdi, orduan baitira jokatzekoak, Bilbon, Ezkurdia-Martija eta Agirre-Albisu bikoteak. Azkeneko horiek greban daude, eta partida horretako garaileak lortuko du finalean sailkatzea.

Txapelketako partida handian, Olaizola II.a-Urrutikoetxea izango dira, herenegun lortu baitzuten saria. Eibarren, 22-13 irabazi zieten Ezkurdiari eta Martijari. Igandeko garaileek ere badute partida bat datorren asteburuan, Tolosan, igandean, Jaka eta Zabaletaren aurka. Baina Baikoko bikotea ez dago greban, eta, horrenbestez, enpresako pilotarien gehiengoaren protestak ez dio eragingo partida horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.