ZUZENDARIARI

#M25kolorebizia

Ruben Sanchez Bakaikoa.
Gasteizko eskola publikoaren aldeko plataforma.
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Stop racial segregation oihukatu ahal dute Ipar Karolinako eskoletan, edo Brusela, Paris, London, Sofia, Madril, Girona, Basauri, Atarrabia, Arrasate, Baiona eta Gasteizkoetan. Gure hiriko kasuan, guraso etorkinak dituzten umeen %83,1 sare publikoan ari da ikasten, bai eta baliabide ekonomiko gutxiago duten familia gehienak ere. Badira gaur egun zenbait eskola umeen %100 familia etorkinen umeak dituztenak, eta beste hainbatek bide bera hartu dute. Gasteiz #Whitecapital ez da soilik neguko elurretako argazkiengatik.

Arazo konplexua da. Gizartean egon badago arrazakeria, baita umetatik poltsiko, erlijio, hizkuntz-eredu eta abarren arabera «sailkatzeko» joera. Saltsa horri, ordea, erantsi behar diogu instituzioen utzikeria eta maltzurkeria. Gaur bertan, Latinoamerikatik Gasteiza berriki etorritako bi amekin izan naiz, beren 11 urteko umeak A ereduko publiko batera bidali dituzte. Administraziotik esan diete umeek ezingo dutela euskara ikasi, ezin dituztela D ereduan matrikulatu. Esan diet hori gezurra dela.

Batzuek pazientzia eskatzen duten bitartean, errealitate gordina da gero eta eskola gehiago ari direla guztiz segregatzen. Pazientzia eskatzen dutenek ez dute ikusi patio segregaturik begien aurrean, ezta ikusi nahi ere. Pazientzia eskatzen dutenei benetan axola al die gaiak? Edo zain daude eskola guztiak kolore eta poltsikoaren arabera erabat ordenatu arte, ondoren inor kexatuko ez delakoan?

Kanpotik datozen familiek barneratzen dute beraiei bakarrik egokitzen zaizkien etxebizitza, auzune eta eskolak daudela. Gero batzuek haien integrazioa aipatuko dute, haiek ez dutela ahaleginik egiten, haiekin alferrik dela saiatzea ere.

Helduon buru gehienak nahiko eratuta daude, gaizki, ondo, karratu ala dodekaedro, onerako zein txarrerako. Hor dauzkagu gure aurreiritzi, fobia, klase, genero... Baina zinez tristea da pentsatzea, biharko egunean zerbait hoberantz alda dadin, egungo umeen hezkuntzan zenbat muga ezartzen dizkiogun eskolari:

—Baliabide ekonomiko urriko familiei adierazten zaiena zera da: hori da zure auzoa, hori da zure eskola, hori da zure lekua, ez nahastu gurekin.

—Guztiz zuriak diren eskoletako umeei adierazten zaiena zera da: hau da gure eskola, hau da gure auzoa, hau da gure lekua, ez nahastu horiekin.

Maiatzaren 25ean mobilizazio bat egingo dugu Gasteizen, eskola publikoaren alde eta segregazioaren kontra. Beharbada, gerra hau (ere) galduko dugu, baina oihuka eta irribarre batekin. Gure patioa inongoa baino alaiagoa izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.