Argiaren merkatzea azaltzeko eskatu dio Bruselak Madrili

PPk eta EAJk itundutako tarifa elektrikoari Kataluniak salaketa jarri ostean iritsi da Batzordearen erabakia

2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
BILBO. Europako Batzordeak Espainiako Energia Ministerioari informazio espediente bat helarazi diola azaldu zuen Alvaro Nadal ministroak, atzo, Bilbon, MTE Munduko Turismo Erakundearen kontseilu exekutiboaren bilera han egiteko hitzarmena sinatu ostean. PPren eta EAJren arteko negoziazioen barruan, euskal enpresei argindarraren faktura merkatzeko akordioak eragin du Bruselaren eskaera.

Kataluniako arartekoak jarri zuen salaketa, erabakiak euskal enpresei abantaila ematen dielakoan. Nadalek, ordea, ukatu egin zuen fakturaren aldaketa «estatu laguntza bat» izatea: «Euskal industria babesteko neurri on bat da». Halere, adierazi zuen prebentzio demanda batek tarifa elektrikoaren aldaketa oztopatu dezakeela.

Bide batez, ministroak azpimarratu zuen neurriak aurrera jarraitzeko aurtengo Espainiako aurrekontu orokorrak onartu behar direla. Nadalen arabera, aurrekontu horiek nork babestuko dituen da galdera nagusia. Izan ere, Espainiako Gobernuak EAJren babesa lortu nahi du horretarako.

Aldaketa gertatuko balitz, euskal enpresen argindarraren faktura nabarmen murriztuko litzateke. Egun 30.000 volteko sareei lotuta daude enpresa horietako asko —inguruan potentzia handiagoko sarerik ez dutelako—, eta 28 euro ordaintzen dute megawatt-ordua. Aldaketarekin, 16 euro ordainduko lukete enpresek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.