Koronabirusa

Eskolak «besterik adierazi arte» itxi ditu Jaurlaritzak

Joan den astean, 14 eguneko itxialdia agindu zuten; orain, berriz, ez diote egunik jarri neurriaren amaierari.

2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak beste gutun bat bidali die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeei. Eskutitzean, sailak jakinarazi die eskolak «aldi baterako etetea» erabaki dutela, eta neurri hori indarrean egongo dela «beste abisu bat eman arte».

Aurreko astean, Hezkuntza Sailak erabaki zuen eskolak bertan behera uztea, Osasun Sailak emandako aholkuei jarraikiz. Etenaldi hori hamalau egunekoa zen, baina hura amaitzeko eguna ez zen berbera kasu guztietan, ateak ixteko erabakia modu mailakatuan hartu zelako eta eskola batzuek beste batzuek baino lehenago aplikatu zutelako erabakia. Orain, berriz, Hezkuntza Sailak beste zirkular bat igorri die eskolei, eta oraingo honetan ez da eskolen etenaldirako bukaera egunik zehazten.

Ikastetxeei adierazitako gainerako gidalerroek «indarrean» jarraitzen dutela berretsi du Hezkuntza Sailak oharrean, «bai irakaskuntza jardueraren garapenari dagokionez, bai ikasleei arreta emateari eta familiekiko komunikazioari dagokienez».

Sailak nabarmendu du osasun agintarien gomendioak «zorrotz» bete behar direla, normaltasunera «ahalik eta lasterren» itzuli ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.