«Tren sozialaren» aldeko konpromisoa agertu dute

AHTaren aurka aritzera engaiatu dira EH Bildu, Ahal Dugu, Ezkerra eta Equo, plataforma ugarik sustatuta

Larunbatean Gasteizen AHTaren aurka eginiko protesta. E. PORTILLO / FOKU.
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Nafarroako EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Ezkerrak eta Equok konpromisoa agertu dute abiadura handiko trenaren aurka eta «tren sozialaren» alde lan egiteko, AHTaren aurkako eta Tren Sozialaren aldeko Nafarroako eta Arabako plataformek hala eskatuta. Bi mugimenduak lanean aritu dira gaia presente egon dadin hauteskunde kanpainan, eta atzo agerraldi bat egin zuten Iruñeko Katakrak liburu dendan: «Uste dugu erabat eskandalagarria dela bi herrialdeotan 'abiadura handiko' 250 kilometroko trenbide berriak eraikitzea, orain dagoenaren paretik, lurraldea txikituz eta mila milioka euro xahutuz».

Iosune Ilundain eta Eneko Garrido bozeramaileek eman zituzten azalpenak. Adierazi zutenez, konpromiso «zehatz» bat eskatu zieten Arabako eta Nafarroako bozetara aurkeztutako indar politikoei: «Hurrengo legegintzaldian gerta daitezkeen negoziazio guztietan eta balizko hitzarmenetan irmoki eutsiko diote AHTaren proiektu berriak gelditzeari eta bertan behera uzteari». Horren harira, erantsi dute AHTaren aurkako indarrak gehiengo badira «adostuko duten dokumentuan argi eta garbi» azalduko dela kontrakotasun hori, eta «tren soziala bultzatuko» dutela hitzeman dute, «merkantziak zein pertsonak garraiatzeko eta herriak, eskualdeak, hiriak eta poligonoak lotzeko». Lau alderdiek hartu dute beren gain engaiamendu hori. Araban, beste hainbeste egin dute EH Bilduk berak eta Elkarrekin Podemosek.

Plataformen iritziz, «erabat beharrezkoa» da gizarteko «sektore guztien inplikazioa» herrialdeko ekonomia eta ingurumena babesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.