ZUZENDARIARI

Inor ahaztu gabe, etorkizuna irabaztera

2016ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Hilketak, segada kriminalak, torturak, estortsioak, deportazioak, mehatxu larriak, dispertsioa... Urte askoan, gehiegitan, Azpeitian eta azpeitiarren aurka era guztietako giza eskubideen urraketak izan dira, sustrai sakon eta historikoak dituen gatazka politikoaren baitan.

Ez gara eta ez gara izango dokumentatuta dauden giza eskubide urraketa denek intentsitate bera dutela esateko bezain demagogoak. Baina ezta ere ez gara izango askotariko biolentzia motak jasan zituztenak errekonozitu gabe bakeaz hitz egiten hasteko bezain arduragabeak ere. Ez dugu konparatzen, baina ez dugu inor ahazten.

Modu berean, ez gara eta ez gara izango, gaur egun, beren giza eskubideak modu sistematikoan urratuak dituzten azpeitiarrak daudela ukatzeko bezain inozoak. Oinarrizko eskubideak bortxatuak dira dispertsioaren bitartez. Mendeku hutsagatik, eta giza eskubideak formalki defendatzen dituzten Europako Estatuetan.

Honatx urraketa mota eta dokumentatutako herritar kopurua: bizitza-eskubidearen aurkako urraketak: 13. Ikertzen ari diren hilketak: 2. Osotasun fisiko, psikiko edo moralaren aurkako urraketak: 83. Herritarren aurka egindako mehatxu larriak: 19. Herritarren aurka egindako estortsio ekonomikoa: 5. Beste sufrimendu batzuk: 30. Gaur egungo urraketak, sakabanatutako presoak: 3. Azpeitian 1960. urtetik gaur egun arte jasandako eskubide urraketen ikerketa egin du azken bi urteotan Aranzadik. Emaitzak beldurtzekoak dira. Gertatu eta gertatzen ari denera gerturatzen gaituzte datuek; egia osora garamatzate. Ez egia partzialera, ez oroimenean oinarritutako egiara, ez batzuek defendatzen duten kontakizun interesatuetara.

Arrazoi horregatik, lanean jarraitu behar dugu. Jakitun gara Estatuak biktima batzuk aitortu dituela, eta beste askori bizkarra eman diola. Ahaztutakoekin lanean jarraituko dugu: epaitegietara sarrerarik ez duten kasuekin, artxibatutako tortura kasuekin edota mehatxu larriak jasan dituztenekin. Haiek ere egia, errekonozimendua eta, zailago bada ere, justizia izan dezaten.

Horretaz aparte, ordea, gaur egun gertatzen ari diren giza eskubideen urraketak modu instituzionalean lantzen jarraituko du Azpeitiko Udalak. Giza exijentzia da, etikoa, soziala eta politikoa. Horregatik, ardura publikoa da hori egitea guretzat. Konkretuki preso daudenen eskubide urraketak izan nahi ditugu hizpide, eta horretarako eskubide horiek defendatzen dituzten erakundeekin elkarlanean arituko gara. Eskubide urraketa horiek bertan behera gera daitezen neurri konkretuak hartzeko.

Beraz, ez gara demagogo ez eta arduragabekoak izango. Gure esfortzua egia osoa ezagutzea izango da. Soilik giza eskubideen urraketa batzuk ezkutatzen dituztenak eror daitezke demagogian; soilik, biktima batzuk mespretxatzen dituztenak izan daitezke demagogoak; soilik, espetxe politika ankerra izanda beste aldera begiratzen dutenak dira hipokritak; soilik, euskal gizartea, bere osotasunean, bere iraganaz eta etorkizunaz hausnartzeko gaitasunik ez balu bezala tratatzen dutenak eror daitezke arduragabekerian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.