Koronabirusa

Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaiak ez dira egingo

Hiru hiriburuetako alkateek erabaki bateratu bat hartu dute. Ez da ziurra zer gertatuko den Baionako jaiekin.

Herritarrak larrain dantza egiten, iaz, Gasteizko jaietan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Bertan behera gelditu dira Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaiak, hiru alkateek jaiak bertan behera uzteko erabaki bateratu bat hartu ostean. Nabarmendu dutenez, egungo egoeran ezin da festarik egin osasun eta higiene neurriak errespetatuta, eta oroitarazi dute ezingo dela jendetzarik batu.

Jairik ez, baina udan ekintza kulturalak antolatzeko konpromisoa hartu dute hiru hiriburuetako alkateek. Gainera, BERRIAk jakin ahal izan duenez, Eudel EAEko udalen elkarteak egindako bilera batean erabaki zen antolatzen diren kultur jardueretan, kalean edo leku itxietan, gehienez 250 lagun egotea, betiere eserita eta tokia gutxienez mila metro koadrokoa bada.

«Aurten lehentasuna herritarren osasuna zaintzea eta birusaren transmisioa etetea da», adierazi du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak bideo bidez. Jaietan milaka pertsona biltzen diren ekitaldi jendetsuak izaten direla nabarmendu du, eta horiek bertan behera utziko dituztela segurtasunarengatik. Hala ere, ekitaldi batzuk «bertsio murriztuan» egingo dituztela gaineratu du, eta mezu bat ere bidali die herritarrei: «Pandemia gaindituta, 2021ean berriro ere ospatuko ditugu jaiak». Eneko Goia Donostiako alkatea ere herritarrei mintzatu zaie, eta adierazi du ezin izango dutela Aste Nagusia orain arte bezala ospatu. Halere, ekitaldiak egingo dituztela aurreratu du. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, berriz, azaldu du «zentzudunena» zela erabaki bateratu bat hartzea hiru hiriburuek.

Iruñean jada esan zuten ez zela festarik egingo. Baionakoei dagokienez, oraindik ez dute ofizialki esan ospatuko dituzten ala ez. Jean Rene Etxegarai auzapeza adierazi zuenez, ekainean jakinaraziko dute hartutako erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.