Berrikuntzarako inbertsio funtsa plazaratuko du Bizkaiak

Unai Rementeriak jakinarazi du inbertsio horiek «etekin fiskala» izango dutela; hilaren 26an abiaraziko dute

2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
BILBO. Berrikuntza alorreko proiektuak laguntzeko funts berezi bat abiaraziko du Bizkaiko Foru Aldundiak, ekainaren 26an. Unai Rementeria ahaldun nagusiak ezagutarazi du produktu finantzario horretan ekarpenak egiten dituztenek abantaila fiskalak izango dituztela. Biscay ESG Global Summit nazioarteko topaketaren barruan eman du ezagutzera egitasmoa Rementeriak.

Bizkaia berrikuntzako inbertsioen erreferente bihurtu nahi du ahaldun nagusiak, eta funtsa helburu hori laguntzeko egina da. «ESG finantza eta inbertsioen aldeko apustua egiten dutenek etekin fiskala izango dute», esan du. Horiek horrela, eragile ekonomikoei eta sozialei indarrak batzeko eskatu die funts horren alde. «Diputazioa bide horretan barna joango da», esplikatu du; «enpresak finantzaketa alternatiboak eskatzen ari ziren, eta, funts berritzaile batzuen bidez, hori gertatzea eragin dugu».

Ekainaren 26an merkaturatuko den funtsa «bakarra izango da Europan». «Ahalegin handia» eskatu du ekinaldiak, Rementeriaren arabera. «Bizkaia handi egin zuen nagusitasun industriala eta finantzarioa berreskuratu nahi dugu. Ongizatearen aldeko hub finantzarioa izan nahi dugu».

Bestalde, inbertitu daiteke jada Jaurlaritzaren bonu jasangarrietan; atzodanik saleros daitezke 500 milioi euro arteko bonuak, hamar urteko epez, eta urteko %1,45eko interesarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.