Jesus Herradak irabazi du Vueltan, eta Teuns jarri da lider

Eroriko handi bat izan da, eta, horren ondorioz, Rochek, Uranek, Carthyk eta De la Partek lasterketa utzi dute

2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Mugitua izan zen atzo Espainiako Vueltako seigarren etapa. Jesus Herrada espainiarrak (Cofidis) irabazi zuen, eguneko ihesaldian sartu eta eguneko azken mendatean, Ares del Maestraten, indartsuena izanda. Dylan Teuns flandriarra (Bahrain) sailkatu zen jarraian, zazpi segundora. Hain zuzen, Teuns da liderra orain, Miguel Angel Lopezengandik (Astana) 4.43ra baitzegoen, eta faboritoak 5.44ra iritsi baitziren. Orain, lehena da. 38 segundora du David de la Cruz (Ineos), eta minutu batera Lopez.

Teuns izan zen eguneko onuraduna. Kaltetuak, ordea, Nicolas Roche (Sunweb), Rigoberto Uran, Hugh Carthy (Education First) eta Victor de la Parte (CCC) izan ziren, erretiratu egin baitziren, eroriko handi batean nahastuta egon eta gero.

Gaur, zazpigarren etapa jokatuko dute, Onda eta Mas de la Costa artean (Herrialde Katalanak). 183,2 kilometro ditu, eta bi zati oso ezberdin: aurreneko 80 kilometroak lauak dira, eta azkeneko ehunak oso gorabeheratsuak, bost mendate igoko dituztelako: Marianet —3,7 kilometro eta %5,5eko pendiza—, Eslida —sei eta %4,5—, Alcudia de Veo —4,2 eta %4,4—, Salto del Caballo —10,4 eta %4,6— eta Mas de la Costa —4,1 eta %12,3—. Azkenekoan amaituko da etapa, eta oso gogorra da, %25eko aldaparen bat baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.