Inflazioa %2ra iritsi da erregaien garestitzeagatik

Berria -

2018ko ekainak 14
GASTEIZ. Maiatzean prezioak aurreko hilabeteetan baino dezente bizkorrago handitu dira Hego Euskal Herrian, eta, iazko maiatzarekin alderatuta, KPI kontsumo prezioen indizea %2raino handitu da, apirilean zenbatutako %1eko inflazio tasatik jauzi handia eginez. Hilabeteko tartea kontuan hartuta ere, hots, apiril bukaeratik maiatz amaiera arteko prezioen igoera, ia puntu bat egin du gora indizeak: %0,9.

Bilakaera horren erantzule nagusiak erregaien prezioak dira. Azken asteetan, aspaldiko salneurririk garestienetan dabil petrolioa. Hain zuzen, AEBek Irango itun nuklearra hautsi eta zigorrak iragarri ostean, maiatzaren erdialdean gainditu zuen Brent petrolio upelak 80 dolarren langa, eta 2014. urtetik izandako preziorik garestiena iritsi zuen.

Eta, jakina, erregai garestiagoek zuzenean eragiten dute hainbat kontsumo preziotan. Garraio prezio handiagoak ekartzen dituzte, baita argindarraren prezioen igoera ere, eta, beraz, baita etxebizitza gastuena ere. Era berean, elikagai freskoen salneurria handitu ohi dute. Maiatzean, adibidez, fruitu freskoak nabarmen garestitu dira, joan den urteko hilabete berean baino dezente gehiago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna