Euskaltelek ia 15 milioi euro irabazi ditu martxora arte

2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
ZAMUDIO. Aurki beteko da urtebete Euskaltelek Asturiasko Telecable erosi zuela, eta ezin da ukatu gauzak ondo doazela Derioko enpresarentzat. Urteko lehen hiruhilekoan %10,9 igo ditu mozkinak: 14,6 milioi euro irabazi ditu. Fakturazioak ere gora egin du, eta nabarmen, %26,6 igo baita, 176,6 milioi eurora arte. Indikatzaile guztiak dira positiboak Alberto Garcia Erauzkin presidente duen konpainiarentzat: EBITDA (emaitza gordina) 84,2 milioikoa izan da. «Sinergiak eta lan egiteko era eraginkorrago bat» daude emaitza on horien atzean, Euskaltelek CNMVri igorri dion informazioaren arabera.

Urteko lehen hiruhilekoak utzi dituen kopuruak bat datoz Euskaltelek zabaltzeko duen asmoarekin. Cash flow atalean (diru zirkulatzailea), konpainiak 50 milioi eurotik gora dauzka, %12,3 gehiago, eta %28,5ekoa da diru sarrerekiko tartea. Taldeko enpresek (Euskaltel, Telecable eta R) partikularren bidez lortu dituzte sarrera gehienak, 116 milioitik gora. Enpresaren arloan, negozioa %25,7 hazi da, eta 49,3 milioi euroko ekarpenak egin ditu. Lehen hiru hilabete horietan, Euskaltelek ia 34 milioiko inbertsioa egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.